AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

'Primavera Española', milaka polizia-agenteren izaera faxista agerian utzi zuen ataria

Duela bost urte atera zen argitara polizien Facebookeko taldea, eta, besteak beste, bortizkeria poliziala aldarrikatzen zuten bertan partaideek.

El Confidencial Digital (ECD) hedabideak 2019an eman zuen milaka polizia-agenteren atari faxista baten berri: Espainiako Polizia Nazionaleko Udaberri Espainiarra (Primavera Española del CENEPE, gazteleraz). 2012an sortu zuten taldea Facebook sare sozialean, eta hasieran publikoa baldin bazen ere, itxi egin zuten gero; teorian, Espainiako Poliziako agenteek baino ez zezaten parte hartu. 15.000 partaide izatera iritsi ziren.

Udaberri Espainiarra taldean, askotariko mezuak eta aldarriak partekatzen zituzten milaka poliziak, eta horietako askoren edukiak piztu zituen alarmak: gorroto-mezuak eta biolentzia polizialaren aldeko aldarriak ikus zitezkeen, besteak beste. Horietako batzuen berri eman zuen garaian ECD-k berak.

Biolentzia polizialaren eta alderdi faxisten alde

Esaterako, atarian zabalpen handia izan zuen bideo batean, atzerriko polizia-agente bat ageri zen, pertsona baten kontra tiro egiten. Facebookeko taldean txalotu egin zuten eraso hori, bortizkeria poliziala lau haizetara aldarrikatuz. Komentarioetako batzuetan, gainera, defendatzen zen polizia-agenteek beti eraman beharko lituzketela armak kargatuta, jendea tirokatu ahal izateko.

Horretaz gain, ECD-k jakinarazi zuen Vox alderdi faxistaren edukiak zabaltzen zituztela poliziek Facebookeko orrialde horretan; hala nola, bideoak eta bestelako aldarriak. Harrera ona izaten zuten halako argitalpenek: "Nire botoa irabazi dute", "Nire botoa dute" eta abar irakur zitezkeen iruzkinetan.

Teorian, ikerketapean

Ustez, Udaberri Espainiarra taldeari buruzko ikerketa bat izan du martxan Espainiako Poliziako Barne-Arazoetako Unitateak hainbat urtez. Espainiako Poliziak berak 2019an aitortu zuen delitutzat jo zitezkeela atari horretan argitaratutako mezuetako batzuk, eta "kontrolaezina" zela taldea. Ohartarazi zuten, bestalde, ataria argitara atera zenean eta hautsak harrotu zirenean, taldean egindako komentarioak ezabatzeari ekin ziotela hainbat agentek.

Poliziako iturriek ECD-ri adierazi zioten identifikatuta zituztela taldeko faxistetako batzuk, eta orrialdeko mezuak ikertzen ari zirela. Dena den, ordutik, ez da izan berririk Espainiako Poliziak teorian hartutako balizko neurrien inguruan.

Gutxienez hamabi lagunek galdu dute bizia Ingalaterrako kostaldera heldu nahian
Beste 50 pertsona baino gehiago zihoazen ontzi berdinean, eta desagertuta jarraitzen dute bik. Antza, ontziaren koskoa zulatu zen, oraindik Frantziako uretan zeudela.