AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Printza, Esparru eta Burlatako Gaztetxea erasotu dituzte azken asteotan

Duela bi egun, Esparru gaztetxera sartu eta sei kide identifikatu zituzten udaltzainek, baita materiala lapurtu ere, Guardia Zibilarekin elkarlanean. Burlatako Gaztetxean ere sartu dira udaltzainak abuztuan, gunea miatzeko eta argazkiak ateratzeko. Bi lagun identifikatu zituzten bertan. Bestetik, hainbat pertsona birritan sartu dira Larraungo Printzan, baratza erasotuz eta bestelako kalteak eraginez. Hamaika izan dira hiru guneei adierazitako elkartasun keinuak.

Nafarroan kokatutako gutxienez hiru langile kontrol espazio erasotu dituzte abuztuan; Zizur Nagusiko Esparru gaztetxea, Burlatako Gaztetxea eta Larraungo Printza. Duela bi egun gertatu zen azken erasoa; Esparru Gaztetxearen 14. urteurrenean, urtero bezala, okupazioaren irudia margotu zuten hainbat pertsonak. Bizilagunen batek udaltzaingoari hots egin zien; hala, Esparrura sartu ziren udaltzainak, gaztetxeko kideen atzetik.

Haiek azaldu dutenez, ateari ostikada bat eman ostean sartu ziren, "jarrera harroarekin". "Azalpenik eman gabe", gaztetxeko sei kide identifikatu zituzten, Guardia Zibilarekin elkarlanean. Izan ere, udaltzainek deituta bertaratu zen gaztetxera Guardia Zibila. Bestalde, gunean zegoen materiala lapurtu zuten poliziek.

Burlatako Gaztetxea ere poliziak erasotua

Burlatako Gaztetxeko kideek abuztuaren 16an eman zuten gertakarien berri; udaltzainak goiz horretan sartu ziren gaztetxera. Hala, gunea miatu zuten, baita bertan zegoen guztiari argazkiak atera ere. Horretaz gain, gaztetxeko bi kide identifikatu zituzten.

Printza, birritan jopuntuan

Larraungo Printzan ere salatu dituzte erasoak hilabete honetan. Abuztuaren 5ean jakinarazi zuten bertako baratza kaltetu eta leihoak harriz apurtu zituztela hainbat pertsonak. Uztaila amaieran ere jopuntuan izan zuten Printza; gauez, gunearen ate nagusiko zerraila lehertu eta barrura sartu ziren zenbait pertsona. Hala, kalteak eragin zituzten bertan; hala nola, ate bat apurtu zuten, baita beheko solairuan su itzalgailu bat hustu ere.

Gertakarien aurrean, hamaika izan dira erasotutako langile kontrol espazioei eragile zein beste espazio batzuek adierazitako elkartasun keinuak.

'Borroka egitea zilegi da. Amnistia osoa' aldarriak hartu ditu Bilbo Zaharreko kaleak
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, aurten ere manifestazioa egin dute Bilbon, "sistema genozida honen aurka gehien eman dutenen amnistiaren alde". "Borrokaren zilegitasunaren defentsa" nabarmendu dute oraingoan. Elkartasuna adierazi diete Biarritzeko gailurraren aurka "protesta egiteagatik atxilotutako antikapitalista guztiei".