AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Protestak hasi dira Donostiako Hedonai aurrean

Borrokari ekin diote estetika-zentroko beharginek, Donostiako Laneko Autodefentsa Sarearekin batera; zentroan osasun-baldintzak bermatzeko neurriak har ditzala eskatu diote enpresari. Aurreko ostiralean egin zuten lehenengo protesta, 'Hedonai. Zure irabaziak, gure gaixotasuna' lelopean. Langileek salatu dutenez, haiek kaleratu nahian ari da enpresa; bajan daude haietako batzuk.

Donostiako (Gipuzkoa) Hedonai estetika-zentroko langileek hilabeteak daramatzate haien lantokiko lan- eta osasun-baldintzak salatzen, eta horren harira hasi zuten borrokaldi bat, Donostiako Kontseilu Sozialistako Laneko Autodefentsa Sarearekin batera. Irail erdialdean jakinarazi zutenez, zentroko azpiegitura-arazoak direla-eta, beharginei osasun-arazoak azaleratu zaizkie azken hilabeteetan; izan ere, "kostuak murrizteko", "osasunarentzat kaltegarriak diren baldintzetan dituzte lanean", Laneko Autodefentsa Sarearen esanetan. Hala, zentroko osasun-baldintzak bermatzeko neurriak har ditzala exijitu diote enpresari.

Horretaz gain, hitzarmenari lotutako eskaera batzuk ere egin dizkiote zuzendaritzari; besteak beste, haien ordutegietan izan diren azken aldaketen ondorioz, okerragotu egin direlako lana eta bizitza pertsonala bateragarri egiteko baldintzak.

Borrokan jarraitzen dute, beraz, eta aurreko ostiralean, irailaren 30ean, lehenengo protesta egin zuten. Hedonai. Zure irabaziak gure gaixotasuna leloa zeramaten kartelak eskuan hartuta, elkarretaratze bat egin zuten zentroaren parean. Langileek une horretan topatu zuten aldatuta zentroko ateko sarraila, bai eta barrura sartzeko segurtasun kodea ere.

Enpresaren erantzuna

Jakinarazi dutenez, langileek egindako eskaeren aurrean, haien "egoera are gehiago okerragotzea" eta haien "kontrako neurriak hartzea" izan da enpresaren erantzuna: beharginak kaleratu nahian ari da zuzendaritza, nahiz eta bajan dauden haietako hiru.

Laneko Autodefentsa Sareak azaldu du aurreko astean baja hartu behar izan zuela langileetako batek, eta enpresak ez zuela ordezkatu. "Lan-kargari aurre egin ezin izanak sortutako egoeragatik", aurreko ostiralean baja eskatu behar izan zuten beste bi langilek ere, estresa zela-eta. Orain, haiek kanporatu nahian ari dira nagusiak, ostiraletik bertatik, bajan dauden beharginen lanpostuak hutsik baleude bezala ari baitira eskaintzen.

"Bajan dauden bitartean langileak kaleratzen saiatzea antolatzeko hautua egiteagatik zigortzea da", salatu dute Laneko Autodefentsa Sareko kideek. "Osasuna bera arriskuan egonda ere, langileek beren burua defendatzeko duten aukera bakarra ezabatzeak argi adierazten du zein gaitasun duten nagusiek inpunitate osoz jardun eta legea sistematikoki urratzeko, inolako ondoriorik gabe", gehitu dute.

Protesta bat hilaren 14an

Donostiako Kontseilu Sozialistak atzo argitaratu zuen mobilizazio deialdi berri bat: datorren urriaren 14an, ostiralean, elkarretaratze bat egingo dute Hedonai aurrean, Langileon antolakuntzari erasorik ez! lelopean. 19:30ean izango da protesta.

Protestak eta estatu-hilketak areagotzen ari dira Haitin
Ekoizpena gelditu eta kaleak hartu dituzte Haitin, erregaien zein oinarrizko produktuen prezioen igoerari aurre egiteko. Amerikako Estatu Batuen esanetara dagoen Ariel Henryren gobernu txotxongiloa desegitea aldarrikatu dute, Nazio Batuen zein bestelako erakundeen esku-hartzea bertan behera gera dadin aldarrikatzearekin batera.