AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

PSOE Israelekin duen konplizitatea eta ustelkeria estaltzen saiatzen ari da, Palestinaren aldeko manifestazioetan parte hartuz

Maria Chivite Iruñean izan zen, palestinar erresistentziaren eta Israelen desegitearen aldeko mobilizazioan; manifestariek txistu egin zioten eta genozidioarekin duen konplizitatea seinalatu zuten.

Aurreko asteburuan, PSOEko hainbat kargudun politiko joan ziren hainbat hiritan Palestinaren alde izandako manifestazioetara, eta mobilizazioak txalotu zituzten sare sozialetako euren profiletan. Une honetan, inkestek erakusten dute "Palestinaren aldeko" keinuek mesede egiten diotela, hauteskunde-interesei dagokienez, agintean dagoen PSOEri. Ahots kritikoek adierazi dute, ordea, Pedro Sanchez buru duen alderdiak erantzukizuna duela herri palestinarra jasaten ari den sarraskian, Israelgo Estatuarekiko lotura politiko, ekonomiko, militar eta diplomatikoak mantentzen baititu.

Gainera, keinu horiek bat datoz, denboran, PSOEren buruzagitza eta Sanchezen zirkulurik intimoena zuzenean seinalatzen dituzten ustelkeria-kausekin. Beraz, zenbaitek adierazi dute nolabaiteko instrumentalizazioa jasaten ari dela Palestinaren aldeko aldarria, PSOEren interes alderdikoietarako.

Maria Chivite, Iruñeko mobilizazioan

Asteburuko gertakaririk deigarrienetako bat Iruñean (Nafarroa) izan zen, larunbat arratsaldean. Nafarroako hiriburuan, Santos Cerdánen ustelkeria-sarearen epizentroan, mobilizatzera deitu zuen Palestinarekin Elkartasuna plataformak, baina ez edonolako aldarriekin: palestinar erresistentziaren aldeko manifestazio bat izan zen, baita estatu sionistaren suntsipenaren aldekoa ere.

Hala ere, bertan egon zen Maria Chivite, Nafarroako Foru Komunitateko presidentea eta PSNko idazkari nagusia. Lekukoek baieztatu dutenez, manifestari batzuk, Nafarroako presidentea mobilizaziora joan zela ikusita, txistuka eta "Gobernu progresista, konplize sionista" oihukatzen hasi ziren.

Chivitek protestan parte hartu izana oportunistatzat jo dute, manifestazioaren aldarrikapenak ez datozelako bat PSOEk Palestinako auziari buruz duen jarrera ofizialarekin. Larunbateko mobilizazioan, bandera sionista bat erre zutenean, antolatzaileek argi eta garbi salatu zuten "bi estatuen konponbidearen" fartsa, eta Israelgo Estatuaren desegitea eta Palestinaren erabateko deskolonizazioa aipatu zituzten irtenbide bakar gisa. Era berean, dei egin zieten sindikatuei Euskal Herrian greba orokor bat antolatzeko, instituzio konplizeak seinalatzeko eta haiei presioa egiteko asmoz; tartean, gobernuak.

Akordioa Gasteizko lorezaintzan, langileek urte erdiz greba egin ostean
Soldata-igoerak eta lanordu murrizketak lortu dituzte, besteak beste. Lorezainek erakutsitako "determinazioa eta borrokarako borondatea eredugarriak izan dira Gasteizko langileriarentzat", bertako LASen esanetan.