AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ryanairreko eta Iberia Expresseko langileak, greban

Soldata-hobekuntzak eskatzen dituzte bi enpresetako bidaiarien kabinako tripulatzaileek. Irailaren 6ra arte egingo dituzte lanuzteak Iberia Expressen, eta Ryanairren, berriz, hurrengo urtarrilera arte.

Mobilizazioekin jarraitzen dute Iberia Express eta Ryanair airelineetako Espainiako Estatuko langileek; hain justu, bidaiarien kabinako tripulatzaileek. Batez ere, soldata-hobekuntzak eskatzeko ari dira protestak egiten, sindikatuen eta enpresetako zuzendaritzen arteko negoziaketen testuinguruan.

Iberia Expressen joan den abuztuaren 21ean ekin zieten lanuzteei, USO sindikatuak deituta, eta gutxienez irailaren 6ra arte luzatuko dituzte. Ryanairren, ordea, uda hasieran hasi zituzten protestak beharginek, USO eta Sitcpla sindikatuek egindako deialdiari erantzunez. Langileek iragarri dute datorren urteko urtarrilera arte luza daitezkeela lanuzteak.

USO sindikatuak jakinarazi duenez, greben ondorioz Iberia Expressek bertan behera utzi behar zituen hainbat hegaldik aurrera egin dute azkenean, enpresak berak nahiz CCOO sindikatuak bideratutako langileen bidez. CCOOk, gainera, akordio bat sinatu du udan enpresarekin, eta modu horretan, hitz eman du beste behargin batzuk greba deialdietara batzea ekidingo duela.

Uda honetan, bestalde, greban izan dira easyJet airelineako pilotuak ere, Sepla sindikatuak deituta. Abuztuaren 12an hasita, 72 orduko hiru lanuzte egin dituzte. Uda honetan aire-sektorean egin diren hiru greba deialdiak kostu txikiko konpainietan izan dira, eta baliteke, aurrerago, Lufthansan eta British Airwaysen ere greba deialdiak egotea.

Ijito familia batek Iruñeko denda batean jasandako jazarpena salatu dute
Lapurreta egitea leporatuta jazarri zuten ijito familia bat abuztu erdialdean, Primer lurrindendako arduradunek lehenengo, eta udaltzainek gero. Denda aurrean protesta batera deitu zuen Gaz Kalok eta SOS Arrazakeriakek.