AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Sanferminetan ere, enpresarien eta instituzioen inpunitatearen kontra egitera deitu du Iruñerriko LASek

Manifestazio bat egin zuten Iruñeko Alde Zaharrean sanferminen atarian, LASek deituta. Seinalatu dute enpresariak eta instituzioak "egunerokoan bizi dugun egoera prekarioaz" baliatzen direla, "momentu puntualetan" are gehiago erasotzeko.

Iaz bezala, aurtengo San Fermin jaien bezperarako ere mobilizazio deialdi bat egin zuen Iruñerriko (Nafarroa) Laneko Autodefentsa Sareak, bertako Kontseilu Sozialistaren eskutik. Aurreko ostiralerako antolatu zuen manifestazio bat, jaietan ere, enpresarien eta instituzioen inpunitateari aurre egitera deitzeko. Nabarreriatik irten zen ostiraleko mobilizazioa, eta Iruñeko Alde Zaharreko kaleetan barrena joan zen.

Manifestaziorako deia egitean azaldu zuen LASek "gure lanaren prekarizazioan onarritzen" direla sanferminak ere, eta dena ez dela "gozamena": "Batzuek beren lanekin jarraituko dute, beste batzuek lanik aurkitu gabe jarraituko dute eta, beste batzuk, jaien esparruko gainesplotazio basati batera bultzatuko dituzte". Bereziki gogoan izan zituzten ostalaritzako, banaketako, garbiketako edota kale-salmentako langileak, festetan bereziki jasango dituzten "lanegun nekagarriengatik, erritmo frenetikoengatik edo gehiegikerien aurreko defentsarik ezagatik".

LASek, beraz, beharrezkotzat jo zuen enpresariek eta instituzioek inposatutako esplotazioari aurre egitea eta euren inpunitatea borrokatzea. Gogorarazi zuen enpresari eta instituzio horiek "egunerokoan bizi dugun egoera prekarioaz" baliatzen direla "momentu puntualetan" are gehiago zapaltzeko, eta horren isla direla sanferminak. Hain zuzen ere, horregatik nabarmendu zuen oinarri hori dela "borrokatu beharreko gehiegikeria", eta "antolatzeko arrazoi" bihurtu beharrekoa.

Gutxienez zortzi sexu-erasoren berri eman dute sanferminetan jaietako lehen orduetan
Ukituak egiteagatik atxilotu dituzte zazpi gizonezko, eta ikertzen ari dira zortzigarren eraso bat. Berriozarren eta Tuteran ere sexu-erasoak egin dizkiete bi emakumeri.