AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Santiago de Compostelan ere, Palestinaren aldeko mobilizazio baten kontra kargatu du Poliziak

Sionistekin kolaboratzen duen elikagai-enpresa baten aurka protesta egiten saiatzean, manifestarien kontra oldartu zen atzo Espainiako Polizia. Hainbat lagun atxilotu zituen.

Atzo goizean, igandez, Galizian ere izan ziren Palestinaren askatasunaren aldeko manifestazioak. Santiago de Compostelan mobilizazio jendetsu bat egin zuten: amaieran, Israelgo Estatu genozidarekin kolaboratzen duen enpresa batera sartzen saiatu ziren hainbat pertsona; Burger King saltoki batera, hain zuzen ere. Enpresa horrek modu publikoan babestu ditu sionistak.

Erdiguneko Senra kalean saiatu ziren protesta-ekintza egiten, baina Espainiako Poliziak manifestarien kontra kargatu zuen, hainbat lagun atxilotuz. Arratsaldean, hala, protesta bat izan zen komisaria aurrean, atxilotuak aska zitzatela exijitzeko.

Bitartean, Galizian bertan, 100 faxista inguru askatasun osoz aritu ziren: Malagako zaleen talde faxista bat, Frente Bokerón, A Coruñako kaleetara atera zen. Antza, Deportivoko Riazor taldeko kideen bila egon ziren erdigunean. Zenbait zale galiziarri eraso zieten, eta kalteak eragin zituzten taberna batzuetan. Haien kontra ez zuen jo Poliziak.

Kargak Erroman ere

Erroman ere, joan den larunbatean, Poliziak gogor jo zuen Palestinarekin elkartasunez mobilizatzen ari zirenen kontra. Horren aurretik, manifestazioa debekatu zuen Italiako Gobernuak. Hala ere, debekuari aurre egin eta milaka pertsona irten ziren kalera.

Beirut modu masiboan bonbardatzen jarraitzen du Israelgo Estatuak
Astebete baino gehiago darama Beiruten eraso kriminalak egiten. Errefuxiatuak 160.000 baino gehiago dira jadanik, eta ihes egiteko bideak nahiz osasun-arreta oztopatzen ari dira sionistak. Erresistentziak gogor eusten dio, eta Haifa zein Tiberias herriei erasotzea lortu du Hezbollahk. Bestalde, Yemen bonbardatu dute AEBek.