AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Selektibitate berriaren inguruko ziurgabetasuna dela-eta, mobilizatzera deitu du IAk

Ostiral honetarako protestak antolatu dituzte ikasleek, lelo argi batekin: 'Ez jolastu gure etorkizunarekin'. "Eredu berria publiko egitea exijitzeaz gain, selektibitatea bera kritikatu nahi genuke; izan ere, guztion kalitatezko heziketan zentratu beharrean, gehiegizko eta alferrikako lan-karga eta presioa ekartzen dizkigu", salatu du IAk.

Oraindik ez dituzte argitu selektibitate berriaren nondik norakoak Hego Euskal Herrian, ikasturtea hasi zenetik hilabete igaro den arren. Ziurgabetasun horren kontra, ikasleak protestara deitu ditu Ikasle Abertzaleak (IA) antolakundeak: ostiral honetan, urriaren 11n, egingo ditu mobilizazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan eta beste hainbat herritan.

Ez jolastu gure etorkizunarekin da ikasleek protestarako aukeratutako leloa. "Politikari profesionalak gure etorkizunarekin jolasten ari dira, eta informazio eske mobilizatu diren ikasleak nola jipoitzen dituzten ikusi behar izan dugu", azaldu du IAk: "Argi gelditu da ikasleon hitzak ez duela ezer balio hezkuntza-sistema kapitalistan".

Hala, selektibitate berriaren inguruko informazioa argitu dezatela exijitzeaz gain, "selektibitatea bera kritikatu" du ikasle-antolakundeak: "Guztion kalitatezko heziketan zentratu beharrean, gehiegizko eta alferrikako lan-karga eta presioa ekartzen dizkigu. Gainera, gaitasun ekonomiko gutxien dituztenentzat zailagoa da azterketa hori ondo prestatzea, eta
indibidualismoa nahiz ikasleon arteko lehia sustatzen ditu".

"Selektibitateak hezkuntza-sistema kapitalistaren benetako aurpegia erakusten digu", IAren esanetan. Horregatik jo du ezinbestekotzat, eredu berriari buruzko argipenak izateaz gain, selektibitatearen kontra borroka egitea; baita "borroka hori, "nola ez, hezkuntza-sistema sozialistaren bidean ulertzea" ere.

Hiriburuetako deialdiak

IAk ondoko deialdiak egin ditu lau hiriburuetan: 11:30ean Gasteizko (Araba) Andre Mari Zuriaren Plazan, eta 12:00etan Iruñeko (Nafarroa) Hezkuntza Delegaritzan, Bilboko (Bizkaia) Indautxu Plazan eta Donostiako (Gipuzkoa) Bulebarrean.

Beste lan-istripu bat jazo da Nafarroan
San Adriango Láser Ebro lantokian izan zen istripua, atzo arratsaldean. 52 urteko gizon batek hankak harrapatu zituen, eta ospitalera eraman behar izan zuten, zauriturik. Hiru lan-istripu larri jazo dira azken egunetan Nafarroan, eta bi langilek galdu dute bizia.