AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Sidenorreko ekoizpena ere bertan behera geratu da, langileen presioa dela-eta

Covid-19 birusaren hedapenaren aurrean "segurtasun neurrien falta" salatu dute Sidenorreko beharginek ere. Gasteizko eta Basauriko instalazioak geldiaraztea erdietsi dute azkenean, patronalari presioa egin ostean. Langileen batzordeek adostu dute gutxienez martxoaren 23ra arte gelditzea jarduna.

Burdingintza industrialeko Sidenor enpresan ere planto egin du langilegoak, Covid-19 birusaren kutsatzetik eratorritako arriskuaren aurrean. Ondorioz, Gasteizko (Araba) eta Basauriko (Bizkaia) lantegiek jarduera eten dute, modu progresiboan. Itxialdia gutxienez martxoaren 23ra arte luzatzea aurreikusi dute langile batzordeek.

Lanpostuetan "eskularru falta" eta "lanabesen partekatzea" egon dela agerian utzi dute beharginek. Horren aurrean, "kutsatzea ekiditeko beharrezkoak diren neurriak hartzea" exijitu diote zuzendaritzari. Patronalak erantzukizuna bere gain hartu ezean, geldialdiari eutsiko diotela jakinarazi dute langileek.

Domino efektua

Sidenor ere batu da, hortaz, Hego Euskal Herrian Covid-19 birusaren aurrean langileen osasuna arriskuan jartzeagatik itxiarazi dituzten enpresen zerrendara. Etenaldi guztiak beharginen presioak eragin ditu; izatez, sindikatuen hitzetan, "patronalak ez du langileen osasuna bermatzeko borondaterik erakutsi".

Nafarroako automozioaren buruzagitzan aurkitzen den Volkswageneko langileak izan ziren lehenetarikoak. Jarraian, Gasteizko (Araba) Mercedes Benzekoak ere batu ziren, eta ondoren, besteak beste, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) eta Gasteizko Michelin lantegiek egin zuten planto. Gero CAF ere geldiarazi zuten Irunen (Gipuzkoa) eta Beasainen (Gipuzkoa), eta gauza bera gertatu zen Laudioko (Araba) Tubacexekin, Amurrioko (Araba) Tubos Reunidosekin, eta Berantevillako Aernnovarekin.

Anbulantzietako langileek salatu dute babeserako materialik gabe jarduten dutela
Langileek salatu dutenez, "babeserako oinarrizko neurriak" ez dira betetzen haien lanpostuetan. "Anbulantzietan aritzen garen langileok gure burua babestu ezin badugu, Covid-19 birusa paziente batetik bestera transmititzeko kanala gara", adierazi dute. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak azpikontratatutako Ambuiberica enpresak kudeatzen du sektorea.