AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Sionisten beste sarraski bat Gazako babes-eskola batean: gutxienez 30 hildako

Dozenaka haur bizirik erre ditu Israelgo Estatuak Fahmi al-Jarjawi eskolaren aurkako bonbardaketan.

Israelgo Estatuak Gaza hiriko Fahmi al-Jarjawi eskolaren aurka egindako beste eraso batean, gutxienez 30 pertsona erail dituzte sionistek, haurrak barne, eta dozenaka zauritu dituzte. Al-Daraj auzoan dago eskola hori, eta genozidioak mugiarazitako familiek erabiltzen dute nagusiki, babesleku gisa. Medikuek Al Jazeera-ri jakinarazi diotenez, bonbardaketak sute bat eragin zuen eraikinean, eta bertan lo zeuden hainbat pertsona hil dira horren ondorioz. Lekukoek diote "gorputz ikaztuak" ikusi eta "sugarren artean harrapatutako pertsonen oihuak" entzun zituztela.

Israelgo Estatuaren armadak esan du Hamasen eta Jihad Islamikoaren "aginte eta kontrol gune" bat zela ehunka zibilek erabiltzen zuten eskola, eta "zibilentzako arriskua arintzeko neurri ugari hartu" dituztela sionistek azken bonbardaketan. Dena den, ohi bezala, ez dute inolako frogarik eman erresistentziako borrokalari armatuen presentzia erakusteko.

2023ko urrian palestinarren aurkako erasoaldia biziagotu zenetik, okupazio-indar sionistek ehunka leku bonbardatu dituzte, tartean, desplazatutako zibilek babesteko erabilitako eraikinak eta eremuak. Gazako Osasun Ministerioak baieztatu duenez, Zerrendan, 53.939 pertsona erail ditu Israelek zuzeneko indarkeriaren ondorioz, eta 122.797 zauritu ditu. Tokiko Gobernuaren Hedabideen Bulegoak, berriz, 61.700 hildako baino gehiago zenbatu ditu, hondakinen azpian desagertutako milaka pertsona baitaude.

Errefuxiatu palestinarrentzako NBEren agentziak (UNRWA) ohartarazi du berak kudeatutako babeslekuak "gainezka" daudela eta ez dagoela "leku segururik" Gazako Zerrendan, non herritar gehienak behin eta berriz mugiarazi dituzten eta osasun-baldintzak "kritikoak" diren.

Espainiako Estatua eta Europako eta Arabiako beste herrialde batzuk Madrilen bilduta dauden bitartean egin du azken erasoa Israelgo Estatuak. "Su-etena behartzeko" asmoz Israeli "zigorrak eta arma-enbargoa ezartzeaz" hitz egiten ari dira aipatutako gobernu horiek, baita "Gazan laguntza humanitarioa masiboki sartzea bermatzeaz" ere, baina oraindik ez dute horretarako neurri zehatzik hartu.

Sunsundeguiko itxieraren aurrean, langile-antolakuntza aldarrikatu dute Altsasun
Sakanako langileriarentzat etorkizuna aldarrikatu dute Sundundeguiko Langileok Borrokan asanbladak eta Sakanako LASek, eta enpresariak eta instituzioak seinalatu dituzte.