AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Sionisten kontra mobilizatutako 100 lagun atxilotu ditu Poliziak Amsterdamen

Dam plazan mobilizatu ziren atzo, Maccabiko zaleek eragindako istiluen aurka eta Palestinaren alde. Protesta debekatu zuten agintaritzek, eta manifestarien kontra kargatu zuen Poliziak. Netanyahuk Mossadi agindu dio "ekintza-plan bat" presta dezala, "kirol-ekitaldietako biolentzia ekiditeko".

Herbehereetako polizia-indarrek 100 manifestari inguru atxilotu zituzten atzo Amterdamen, sionisten kontrako mobilizazio batean parte hartzeagatik. Izan ere, Maccabiko zale faxistek aurreko astean zabaldutako gorroto-mezuak eta sortutako istiluak zirela-eta, protesta egin zuten atzo ehunka lagunek. Femke Halsema Amsterdamgo alkateak mobilizazio-deialdia debekatu zuen, "biolentzia antisemitari" lotuta. Epaitegian baimen judizial bat eskatu zuten Palestinaren aldeko manifestariek, baina atzera bota zuten hura, debeku bat zegoela argudiatuz.

Hala ere, ehunka pertsona joan ziren atzo Dam plazara, sionismoaren aurka. Poliziak euren kontra kargatu zuen, eta 100 pertsona baino gehiago atxilotu zituen. Autobusetan lekualdatu zituzten komisariara.

Aurreko ostegunean neurtu zituzten indarrak Ajax eta Tel Aviveko Maccabi futbol-taldeek, eta istiluak eragin zituzten Maccabiko zaleek. Sionista ugari bertaratu ziren Amsterdamera partida ikustera, eta aldarri faxistak egin zituzten hirian. Besteak beste, "Heriotza arabiarrei" eta "Ez dago eskolarik Gazan jadanik ez delako haurrik geratzen" oihukatu zuten, eta Palestinaren bandera ugari kendu zituzten balkoietatik.

Faxistei aurre egin zieten askok, futbol-partida amaitu zenean hain zuzen ere. Hala, Poliziak 62 pertsona atxilotu zituen, baina bat bere ere ez zen sionista.

Mossaden interbentzioa?

Hainbat komunikabidek asteburuan jakinarazi dutenez, Israelgo Estatuko lehen ministro Benjamin Netanyahuk Mossad inteligentzia-zerbitzu sionistari agindu dio esku har dezan. "Kirol-ekitaldietako biolentzia ekiditeko" asmoz, "ekintza-plan bat" presta dezala exijitu dio Mossadi, "egoera berri honi" aurre egiteko. Aurreko astean, gobernu sionistak erreskate-hegazkinak bidali zituen Amsterdamera, Maccabiko zaleak itzultzeko.

Bihar etxegabetu nahi dute andre bat Astrabuduan, mailegu-enpresa bati 7.000 euro eskatzeagatik
Iruzur baten biktima izan da emakume bat, eta horren ondorioz bota nahi dute bere etxetik. Kaleratzeari aurre egitera deitu du Uribe Kostako Etxebizitza Sindikatu Sozialistak: bihar, 09:00etan, Astrabuduako Aldaieta Bideko 7. zenbakian elkarretaratuko dira.