AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

"Sorgin-ehiza" salatu dute 'Gara' eta 'Naiz' hedabideetan, enpresak hainbat langile kaleratu ostean

'Gara'/'Naiz' hedabideetatik zenbait langile kanporatu berri dituzte. Hasiera batean "arrazoi ekonomikoak" argudiatu bazituen ere, azkenean, enpresak aitortu du "kaleratze bidegabeak" izan direla. Juanjo Basterra kazetaria da kaleratuetako bat, eta BAT sindikatuak salatu duenez, "edozein gauza ez irensteagatik" eta Ezker Abertzalearen "ildo ofizialak aukeraturiko bidea ez onartzeagatik" bota dute.

Behargile Asanblearioen Taldeak (BAT) sindikatuak salatu duenez, "arrazoi ekonomikoak" argudiatuta, zenbait langile kaleratu dituzte Gara eta Naiz hedabideetan. Dena den, beharginek zalantzan jarri dituzte zuzendaritzak, kaleratzeak justifikatzeko, hasiera batean emandako arrazoiok: "Gure ustetan ez dago ulertzerik, benetan egoera kaotikoan badago enpresa, bertan urte asko eman duten langileak kanporatzea".

Esaterako, kaleratutako kazetarietako baten kasua atera dute mahaira; hain zuzen, Juanjo Basterrarena. Hamar urtez Egin-en aritu eta gero, 21 urte egin ditu Gara-n soldatapean lanean. BATek salatu duenez, "edozein gauza ez irensteagatik" eta Ezker Abertzalearen "ildo ofizialak aukeraturiko bidea ez onartzeagatik" kanporatu dute. "Langile honek ez zuen bat egiten Gara-k eta Ezker Abertzale Ofizialak daramaten ildo politikoarekin", azaldu du.

BATeko kideen esanetan, Basterrak gertatutakoa salatu ostean, "sorgin-ehiza" gaitzetsi eta "borrokatu" egin dute enpresak onartu dezan "kaleratze bidegabeak" izan direla, eta ez dituztela "arrazoi ekonomikoak" izan oinarri. Hala, Gara/Naiz berak aitortu egin du kaleratzearen "bidegabekeria".

Bestalde, BATek salatu du LABen "bermearekin" bota dutela Basterra, sindikatuak kaleratzearen gaineko "ezagutza zuzena" baitzuen.

21 eguneko greba deitu dute Bilboko zamaketariek, aldi bateko langileen lan-baldintzen defentsan
Zamaketariek aurreneko proposamena egin orduko, patronalak apurtu egin ditu hitzarmenaren inguruko negoziazioak, Enplegurako Portu-Zentroak desegiteko mehatxua egiteaz gain. Hain zuzen, aldi bateko beharginei lan-kontratu mugagabea egitea zen langileek proposatutako neurri hori. Urteak daramatzate egun bakoitzeko kobratzen eta kotizatzen, patronalak ez baitu kontratazio berririk egin azken 12 urteetan. Langileen asanbladak datorren astetik aurrera greba egitea erabaki du.