AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Subserra gaztetxea hustu zuten aurreko astean Eskuernagan

Eskuernagako gaztetxeko kideek abenduaren hasieran jakinarazi zuten hutsarazte agindua jaso zutela. Iazko udan birjabetu zuten Subserra izango zen eraikina.

Joan den asteartean, abenduak 15, Ertzaintzak Subserra gaztetxea hustu zuten Eskuernagan (Arabar Errioxa), "bihotzez eta indarrez Arabar Errioxa osoko gaztetxea" dena. Subserrako kideek abenduaren hasieran jakinarazi zuten eraikina husteko agindua helarazi zietela "banketxeek eta beren txakurrek", gutun bidez. Hala, jakinarazpenean zehaztutako egunean bertan gauzatu zuten desalojoa polizia-indarrek, "gaztetxeari atea aldatuz eta leihoetan barroteak jarriz".

Polizia-operazioaren tamaina gogor salatu zuten gaztetxeko kideek: "Ez dakigu zer uste zuten aurkituko zutela". "Krisi momentu hauetan, non osasun publikoa egoera larrian dagoen, konfinamendua era estrategikoan erabili dute. Gu etxeetan lotuta gaudelarik, defentsa bat proposatu ezinean, gaztetxea erraz husteko aprobetxatu dute", adierazi zuten.

2019ko udan birjabetu zuten Eskuernagan gaztetxea izango zen eraikina, "aspalditik hutsik egon dena", Subserrako kideen esanetan. Ordutik, "ospakizunak, bilerak, auzolanak zinema eta dokumental emanaldiak" egin direla eta "zonaldeko lagun taldeei eta elkarteei aterpe bat" eman zaiela azaldu dute. "Ez dute eraikina nahi, gu kanpoan egotea baizik, haien boterea herriaren interesen gainetik dagoela ikusarazteko", diote.

"Lortu dutela uste dute baina Subserrak ez du hain erraz amore ematen", gehitu dute gaztetxeko kideek. Joan den larunbatean, hilak 19, elkarretaratzea egin zuten gaztetxearen aurrean, desalojoa salatzeko. "Subserra defendatuz, gaztetxea aurrera", aldarrikatu zuten.

Inditexeko langileek protesta egin dute Donostian, 20 saltokiren itxiera salatzeko
Inditexek 20 saltoki itxi nahi ditu Hego Euskal Herrian, online salmentak indartu nahi dituela argudiatuta. Hain zuzen, Leioan, Irunen, Iruñean, Bilbon, Gasteizen eta Barakaldon daude enpresak lehenik eta behin zarratu nahi dituen zazpi lantokiak, eta 66 langileren lanpostuak egongo lirateke kolokan. Donostian protesta egin zuten atzokoan beharginek.