AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Sunsundeguiko kaleratzeak salatzeko mobilizatuko dira Altsasun hilaren 24an

Sakanako LASek eta Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak egin dute deialdia, enpresariak eta instituzioak seinalatzeko "langileon miseriaren errudun zuzen" bezala.

Itxi egingo dute Altsasuko (Nafarroa) Sunsundegui enpresa, eta 340 langile baino gehiago geratuko dira kalean. Kaleratze masiboa salatzeko, bai eta enpresaburuak eta erakundeak "langileon miseriaren errudun zuzen" gisa seinalatzeko ere, mobilizatzera deitu dute Sakanako Laneko Autodefentsa Sareak (LAS) eta Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak: manifestazio bat antolatu dute maiatzaren 24rako, Etorkizuna Sakanako langileriarentzat lelopean. Arratsaldeko 18:00etan izango da, Foru Plazatik hasita.

Antolatzaileek gogorarazi dutenez, kaleratzearen aurretik, plantillak urte erdia igaro behar izan du aldi baterako enplegu-erregulazioan, eta horrek "enpresari loturik mantendu" ditu beharginak, "haien bizi-baldintzak kolokan jarriz". Oraintsu agortu da Altsasuko fabrikaren itxiera eta langile guztien kaleratzea ekarriko dituen azkentze-espedienteari buruzko kontsulta-aldia, eta hilabete honen hasieran jakinarazi zuten berehalakoa izango zela beharginei behin betiko kaleratze-gutunak iristea.

Langileek hilabeteak daramatzate borrokan, itxieraren eta kaleratzearen kontra: mobilizazio ugari egin dituzte etenik gabe. Sakanako LASek eta Sunsundeguiko Langileak Borrokan asanbladak apirilean kaleratu zuten idatzi bat, enpresarien eta instituzioen erantzukizuna nabarmentzeko. Azaldu zuten, gainera, sindikatuek atzera bota izan dituztela beharginek gatazkan egindako proposamenak: "Sindikatuek nahiago izan dute rol kontziliatzailea izan, borroka egitea baino".

Polizia berriz sartu da Bilboko Unamuno ikastetxera
Ikasle bat isundu dute institutuan lan politikoa egiteagatik, eta hori salatzeko agerraldi bat egiten ari ziren bitartean, gazteen aurka jo du Ertzaintzak. Zazpi lagun identifikatu ditu.