AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Superberriakek atzera bota du lau BM dendatan ezarri nahi zuen erregulazioko espedientea

Aurreko astean greba mugagabea hasi zuten Bilboko Alde Zaharreko, Amurrioko, Laudioko eta Ugaoko saltokietako langileek. Lau denda horiek itxi eta 70 kaleratu nahi zituen Superberriakek; Barakaldoko Roximan ere lan-erregulazioko espediente bat ezartzeko asmoa erakutsi zuen.

Superberriak enpresak atzo, irailaren 20an, jakinarazi zuen atzera botako duela bere eskumeneko lau BM saltokitan ezarri nahi zuen lan-erregulazioko espedientea. Hain zuzen, Bilboko (Bizkaia) Alde Zaharreko, Amurrioko (Araba), Laudioko (Araba) eta Ugaoko (Bizkaia) BM dendak zarratu eta horietan aritzen diren 70 beharginak kalera bidali nahi zituen Superberriakek, baina erabaki horren aurrean, protestei ekin zieten beharginek.

Aurreko ostiralean, irailaren 16an, greba mugagabeari ekin zioten. Ia %100eko erantzuna izan du greba deialdiak, eta azken egunetan itxita egon dira espedientea indarrean sartzeko arriskuan zeuden lau dendak. Elkarretaratzeak egin dituzte saltoki guztien aurrean, eta manifestazio jendetsu bat Laudion.

Ikusteke dago orain, espedientea bertan behera utzi duela, zein jarrera hartzen duen enpresak lau saltoki horiei dagokienez. Dirudienez, negoziazio epe bat irekiko dute zuzendaritzak eta langileen ordezkariek.

Barakaldoko (Bizkaia) BM saltokian ere enplegu-erregulazioko espediente bat aplikatzeko asmoa azaldu du berriki Superberriakek. Hamabi langilek jarduten dute han, eta lanuzteak egin dituzte hilabete honetan.

Grebari ekin diote Nafarroako Gureakeko langileek
Hitzarmenari buruzko elkarrizketak blokeatuta daudela salatu dute beharginek, eta, besteak beste, soldatak KPIaren arabera igotzea exijitzen dute. Hiru egunez egongo dira greban.