AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Trumpek dio Israelek 60 eguneko su-etena onartu duela Gazan, eta Hamasen erantzuna eskatu du

AEBetako presidentearen arabera, Israelek oniritzia eman dio aldi baterako su-etenari, eta azken proposamena Qatarko eta Egiptoko bitartekariek helaraziko diote Hamasi. Ez Israelek ez Hamasek ez dute akordioa publikoki baieztatu.

Donald Trump Amerikako Estatu Batuetako presidenteak astearte honetan iragarri duenez, Israelgo Estatuak "beharrezko baldintzak" onartu ditu Gazan 60 eguneko balizko su-etenari buruzko akordioa "amaitzeko". Hala, Hamasi eskatu dio akordioa onar dezala, egoerak "okerrera" egin aurretik. Trumpek Truth Social sare sozialaren bidez eman du albistearen berri, AEBetako ordezkariek estatu sionistako agintariekin "bilera produktiboa" izan zutela eta azken proposamena Qatarko eta Egiptoko bitartekariek Hamasi emango diotela adieraziz.

Orain arte, Israelgo Gobernuak eta erresistentzia palestinarrak ez dute publikoki baieztatu Trumpek iragarritako baldintzen inguruan akordio bat dagoenik. Dena den, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin datorren astean Etxe Zurian egitekoa den bileraren atarian egin du iragarpena AEBetako presidenteak, eta areagotu egin du Israelgo Estatuko presoak askatzeko eta su-etena lortzeko presioa. 2023ko urrian hasitako erasoaldi genozida sionistak 56.000 eraildako baino gehiago utzi ditu Gazan, bertako Osasun Ministerioak baieztatu duenez.

Su-etenaren proposamena Qatarren eta Egiptoren bitartekaritzarekin negoziatzen ari da, eta liskarrak aldi baterako etetea eta epe luzerako proposamen baten aukera aurreikusten ditu. Trumpek ohartarazi du bere "eskaintzarik onena eta azkena" dela honakoa, eta egoerak "okerrera" egingo duela Hamasek onartzen ez badu. Oraingoz, Hamasen erantzuna zalantzazkoa da, eta ez dira publiko egin balizko akordioaren xehetasunak.

Urnietako txoznak arriskuan daudela salatu du bertako Txozna Batzordeak
Ordenantza baten bidez, udalak hartu du txoznagunearen gaineko kontrola, "isun ekonomikoak ezarriz, adierazpen-askatasuna mugatuz edo kokalekua eta eragile kopuru maximoa erabakiz".