AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Tubacexek 150 langile kaleratu nahi ditu Amurrioko eta Laudioko lantegietan

Beharginen %20 kanporatu nahi ditu Tubacexeko zuzendaritzak eta, gainontzekoei, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea ezarriko die. Langileek protestak hasiko dituzte aste honetan, eta datorren astean greba mugagabeari ekiteko aukera aztertzen ari dira.

Atzo bildu ziren Tubacex enpresako zuzendaritza eta langileen ordezkariak, eta zuzendaritzak orduan azaldu zituen iragarritako neurri berrien nondik norakoak. Batetik, enplegu-erregulazioko espediente baten bidez kaleratu nahi ditu 150 langile Amurrioko (Araba) eta Laudioko (Araba) plantetan, hau da, beharginen %20, bi lantegietan 800 lagunek jarduten baitute guztira.

Bestetik, ezarri dituen aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteei jarraipena emanez, beste dossier bat aurkeztuko du zuzendaritzak, kaleratuak izango ez diren langile guztiei eragingo diena. Martxoaren 29tik irailaren 10era arte egongo da indarrean, %60ko gehienezko erregulazioarekin, Aiaraldea.eus-en esanetan.

Erantzun "sendoa"

Atzo Laudioko (Araba) lantegiaren aurrean elkartu ziren Tubacexeko langileak, haien ordezkariak eta zuzendaritza bilduta zeuden bitartean. Mahai gainean dauden neurrien berri izatean, beharginen erantzuna "sendoa" izango dela adierazi zuen enpresa batzordeko lehendakariak.

24 orduko greba egingo dute ostegunean eta ostiralean, eta Laudion egingo dute mobilizazioa aurreneko greba egunean, 18:00etan fabrikatik abiatuta. Baliteke, baina, hurrengo astelehenetik aurrera greba mugagabera jotzea langileek.

Ertzaintzak Bidasoko GKSko bi kide identifikatu eta jazarri dituela salatu dute
Hondarribiko San Pedro kalean kartelak jartzen ari zirela jazarri zituzten GKSko bi kide; paretaren aurka jartzera behartu, identifikatu eta militanteen material guztia ikuskatu zuten polizia-agenteek.