AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Tubacexeko enpresa batzordeak manifestazio bat deitu du irailaren 17rako

Amurrioko eta Laudioko fabriketan 150 langile kanporatuko ditu Tubacexek. Irailaren 17rako deitutako manifestazioarekin bat egitera dei egin du lantegien arteko enpresa batzordeak, eta adierazi du enpresaren "asmoen adierazpen bat" direla iragarritako kaleratze masiboak. Aurreko asteetan argitaratu diren albisteen harira, beharginek diote "aurreikusgarria" dela egoera "oso txarra" edo "katastrofikoa" izan daitekeela.

Tubacexek langileen %20 kaleratuko dituela iragarri zuen duela egun batzuk, eta tartean dira Amurrioko (Araba) nahiz Laudioko (Araba) soldatapekoak. Hain zuzen, 150 behargin kanporatuko dituzte Aiarako bi lantegietan. Horren aurrean, lantegien arteko enpresa batzordeak manifestazio bat deitu du irailaren 17rako, eskualdeko enpleguen defentsan eta kaleratzeak salatzeko.

Agerraldia egin zuten atzo Tubacexeko hainbat langilek, eta salatu zuten enpresako zuzendaritzaren erabakien atzean badela "oinarri bat", "krisi sanitario, sozial eta ekonomikoari erantzuten ez diona". Enpresaren politikaren baitan kokatu dute "eskulana osatzen" dutenen "soldata-kostuak murrizteko" saiakera, helburu argi batekin: "erabakiak hartzen dituztenek eta ekoizpenak beste herrialde batzuetara eramateko erabakiak hartzen dituztenek beren poltsikoak gizentzen jarraitzea". Gogorarazi dutenez, taldean etengabeak dira etekinak, eta Tubacoat, Tubacex Innovación eta Tubacex Upstream Tegnologies enpresen artean banatu dituzte.

"Hondamendia"

Beharginek uste dute kaleratzeak enpresaren "asmoen adierazpen bat" direla, haien "susmo eta beldurrak baieztatzen" dituena. Dei egin dute irailaren 17rako deitutako manifestazioarekin bat egitera, baita etorkizunean egingo dituzten mobilizazioekin ere.

Enpresa batzordeak dio gaur egun "ezin dela aurreikusi" zein eragin izango duten aurreko asteetan argitara atera diren iragarpenek, baina aldi berean, "aurreikusgarria" dela egoera "oso txarra" edota "katastrofikoa" izan daitekeena. Haien eskualde zehatzari dagokionez, azaldu du dagoeneko %15ekoa dela langabezia.

"Sorgin-ehiza" salatu dute 'Gara' eta 'Naiz' hedabideetan, enpresak hainbat langile kaleratu ostean
'Gara'/'Naiz' hedabideetatik zenbait langile kanporatu berri dituzte. Hasiera batean "arrazoi ekonomikoak" argudiatu bazituen ere, azkenean, enpresak aitortu du "kaleratze bidegabeak" izan direla. Juanjo Basterra kazetaria da kaleratuetako bat, eta BAT sindikatuak salatu duenez, "edozein gauza ez irensteagatik" eta Ezker Abertzalearen "ildo ofizialak aukeraturiko bidea ez onartzeagatik" bota dute.