AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Txertoan oinarritutako Covid ziurtagiriaren esklusibotasuna onartu du Frantziako Legebiltzarrak

Litekeena da PCR probetako emaitza negatiboek baliorik ez izatea aurrerantzean, eta txertaketa-ziurtagiriak baino ezin izango dira aurkeztu hainbat espazio publikotara sartzeko. Neurria aldeko 215 botorekin, kontrako 58 botorekin eta zazpi abstentziorekin onartu da Diputatuen Ganberan. Diputatu batzuek erabakiaren aurkako helegite bat aurkeztu dutenez, Frantziako Kontseilu Konstituzionalak ostegunean igorriko du behin betiko erabakia. Gauzek bere horretan jarraituz gero, araua ostiraletik aitzinera sartuko da indarrean.

Covid ziurtagiriaren balioa esklusiboki txertaketarekin lotzea onartu dute Frantziako Estatuan. Aldeko 215 botorekin, aurkako 58 botorekin eta zazpi abstentziorekin, PCR probetako emaitza negatiboen baliozkotasuna alboratzea onetsi du Frantziako Legebiltzarrak. Covid ziurtagiria aurkeztea nahitaezkoa izan daiteke ondoko eremuetan sartzeko: tabernetan, museoetan, antzokietan, zinema aretoetan, merkatalguneetan, jatetxeetan, kirol aretoetan, distantzia erdi zein luzeko garraio publikoan, eta abar.

Frantziako Legebiltzarreko zenbait diputatuk helegitea aurkeztu dute Kontseilu Konstituzionalean, legeak "norbanakoaren askatasunak" urratzen dituela argudiatuta. Horrenbestez, Konstituzionalak ostegunean ebatziko du hura onartu ala ez. Lege berria begi onez ikusiko balu, ostiraletik aurrera indarrean izanen litzateke Frantziako Estatuaren lurralde administratibo osoan.

Emmanuel Macron Frantziako Estatuko presidenteak joan den astean iragarri zuenez, "txertatu gabeak izorratzea" du helburu. Gauzak horrela, arrazoi bat edo beste medio txertoa jaso ez duten bost bat milioi laguni arlo ugaritarako sarbidea ukatuko diete.

Aurretiaz, Covid ziurtagiririk erakutsi ez duten osasun-langileei soldatak izoztea bezalako neurriak onartu dituzte. Gainera, araudia bestelako lanbideetara hedatzea aurreikusten dute oraindik.

Baionan greba deialdia egin dute berriz medikuntza sozialeko langileek
Pasa den astean, 400 langile inguru batu ziren Lapurdiko hiriburuan, medikuntza sozialeko beharginek Segur lege sortarekin jasan beharko dituzten murrizketak salatzeko. Datozen egunetarako greba deialdia ere berretsi dute.