AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Txosten batek ebatzi du ezin dutela auzipetu iaz Yanely Gonzales erail zuen gizona

Bere bikotekideak erail zuen Yanely aurreko irailean. Aditu-txosten batek dio "koadro psikotiko larri bat" duela hiltzaileak, eta, ondorioz, baliteke auzia ahozko epaiketara ez iristea.

Yanely Gonzales iazko irailaren 11n erail zuen bere bikotekideak, Bilboko (Bizkaia) Santutxu auzoan: labanaz eraso eta hil egin zuen gauerdian. 31 urte zituen Gonzalesek, eta 34 urte ditu bere hiltzaileak. Atxilo dago une honetan, baina zalantzan dago ea epaiketara eramango duten edo ez.

Izan ere, azken berrien arabera, badirudi ez diotela ahozko epaiketarik egingo: auzitegiko medikuaren txostenak ebatzi du "koadro psikotiko larri bat" duela gizonak, eta, horren eraginez, ezin dela auzipetu. Aditu-txostenak dio erasotzaileak "errealitatearekin kontaktu osoa galdu" zuela Yanely hiltzeko unean, eta horrek "deuseztatu" egin zituela bere "nahimenak eta gaitasun-kognitiboak". Funtsean, txostenak aditzera ematen du hiltzailea ez zela egiten ari zenaren jakitun, eta, beraz, ez dela erantzule.

Itxura denez, aurrekari psikiatrikoak ditu erasotzaileak, eta 2024ko irailaren 11n bertan jo zuen Basurtuko Ospitaleko zerbitzu psikiatrikora. Hala ere, segituan eman zioten alta, eta gau horretan bertan hil zuen bere bikotekidea.

2024an, Euskal Herriko gutxienez sei emakume erail zituzten indarkeria matxistaren ondorioz. Urtea hasi bezain pronto, gainera, beste biktima bat izan zen: 84 urteko andre bat hil zuen bere semeak Barakaldon (Bizkaia).

AHTaren obretako esklabotza salatu dute
Monte Planoko tunelean lanean ari diren hainbat langileren lekukotza jaso dute: 18 ordurainoko lanaldiak, nomina faltsuak, erabateko segurtasun falta, makineria zaharkitua, baldintza osasungaitzak, askotariko ustelkeria eta abusuak...