AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

UIBk ikasketa prozesuarekin jarraitzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntza emateko Ikasle Babes Sarea abiarazi du

Salbuespen egoeran ikasleriaren baldintzak "zaildu egin direla" azaldu du Unibertsitateko Indar Batasunak. Ondorioz, ebaluazioaren nahiz edukien sistema "goitik behera aldatzea eta ikasketa kostuak ezabatzea" lehenesten du. Bere baliabide guztiak "ikasleria langilearen esku" jartzeko borondatea adierazi dute UIBko kideek, eta horretarako, momentuz, apunteen bankua eta ikasketarako laguntza pertsonala sortu ditu, Ikasle Babes Sarearen bidez.

Gaur, hilak 9, Unibertsitateko Indar Batasunak ikasketekin zailtasunak eta ezintasunak dituen ikasleriari laguntzeko egitasmo bat jarri du martxan, salbuespen egoeraren testuinguruan. Izan ere, krisialdiaren ondorioak gizartearen esparru guztietara zabaldu direla onartzen duten arren, ondorio horiek "neutroak ez direlakoan" dago UIB; are gehiago, horien izaera "politikoa" azpimarratu du, eta ondorio gordinenak "langile klaseak pairatuko dituela" dio.

Aurrez aurreko irakaskuntza etenda ikasleen egoera "zaildu egin dela" azaldu dute UIBko kideek. Internet bidezko klaseek "ez dituztela ikasleriaren beharrak errealki asetzen", salatu dute, baita azterketen datak eta horien nolakotasunen inguruko ezagutza ezak "planifikatzeko ezintasuna" eragiten duela ere.

Saiakera birtualak egon arren, liburutegiak itxita egoteak "ikasketarako materialaren falta" ere badakar, euren hitzetan. "Zalantzen eta lanen pilaketa", irakaskuntza internetera mugatzearen ondorioz areagotzen den "arrakala digitala" eta "etxeetako egoera nahasiak" ere ikasteko baldintza zailen parte direla adierazi dute.

PROLETARIZAZIOAREN ATZAPARRAK

Egoera horrek baliabide gutxien dituzten ikasleak "are gogorrago kolpatzen dituela" diote; izan ere, krisialdiaren erdian "inoiz baino gehiago izango dira ikasketen kostuari aurre egiteko arazoak izango dituzten langile familiak", eta horren ondorioz, "ikasleriaren sektore proletarizatuenak".

PROGRAMAREN GAURKOTASUNA

Hala, testuinguru honek ebaluazio eta edukien sistema "goitik behera aldatzea eta ikasketa kostuak ezabatzea" eskatzen duela nabarmendu du UIBk. Izan ere, "normala ez den egoera batean ezin da normaltasunez ebaluatu". Kostuei lotuta UIBren programak barne-bildu zituen aldarrikapenak krisi egoeran "hil ala biziko kontua" bihurtu direla argudiatu du, bigarren lauhilekoan jaso ez diren edukien kostua itzultzea eta alokairuak ordaindu behar ez izatea, unibertsitate esparruaz harago, "hezkuntza osoan beharrezkoa" delako.

Hala ere, kapitalaren lehentasunak neurri horiekin "talkan" daudela seinalatu dute. Horrenbestez, aldaketa horiek erdietsi bitartean, "egoeraren larritasunari aurre egiteko mekanismoak martxan jartzea" dagokiela ebatzi dute, "egoeraren salaketa albo batera utzi gabe".

IKASKETA LAGUNTZA

Momentuz, ikasketekin zailtasunak dituzten ikasleei laguntza eskaintzeko Ikasle Babes Sarea jarri du martxan UIBk. Bi mekanismo osatu dituzte, beraz: ikasketa prozesurako laguntza pertsonala emateko sarea eta apunteen bankua.

Apunteen bankua sortzeko, unibertsitateko hainbat gradutako ikasleak antolatu dira. Asistentzia modalitate hori gehienbat bigarren hezkuntzako ikasleei zuzenduta dagoen arren, unibertsitateko ikasleei lagundu diezaiokenik ere badago.

Bestalde, apunteei dagokienez, bigarren hezkuntzako zein unibertsitateko apunteak biltzen eta kolektibizatzen ari dira UIBren eskutik. Sareko plataforma batean jarri dituzte eskuragarri apunte guztiak, eta bertan ekarpena egiteko aukera ere zabaldu dute e-mail helbide baten bidez. Edozein zalantza zein arazo izanez gero, e-maila, telefono zenbakia eta sare sozialak erabilgarri daudela jakinarazi dute.

E-posta: uibnazionala@gmail.com
Telefono zenbakia: 688646697
Twitter: @uibnazionala
Instagram: uib_nazionala

'Iatzar hadi!' dinamika jarri du martxan Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak
'Iatzar hadi!' izenpean, salaketa nahiz hausnarketa dinamika abiatu du Irurtzun-Arakilgo Gazte Asanbladak. GKSren 'Burgesiaren ofentsiba gelditu!' salaketa kanpainarekin bat egiten du modu horretan, baita "Covid-19aren krisiak langileriarengan eragindako ondorio politiko, ekonomiko, sozial eta sanitarioak neutralizatzera eta gainditzera begirako bidea hasi" ere. Momentuz blog bat sortu dute asanbladako kideek, eta testigantzak biltzeko kanpaina prestatzeari ekin diote. Bestalde, salbuespen egoeraren harira, askatasun politikoak, osasuna edota langileriaren antolakuntza izan dituzte hizpide.