AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Urrunduta dituzten presoek bisitarik gabe segituko dute Espainiako Estatuko kartzeletan

Gaurtik aurrera bisitak eta komunikazio-bide arruntak berreskuratuko dituzte hainbat presok, beti ere, espetxea kokatuta dagoen probintzia berean bizi badira. Egoera horretan, asko dira bisitarik gabe geratuko direnak, tartean, urrunduta dituzten euskal preso politikoak. Frantziako Estatuko kartzeletan bisitak berriro baimenduak dira atzotik. Baionako espetxean, uko egin diote COVID-19ren hedapena saihesteko presoen populazioa murrizteko neurriari.

Espainiako Estatuko Barne ministroak atzo goizean izenpetutako neurri sortaren arabera, gaurtik aurrera bisitak, komunikazio-bide arruntak eta irteteko baimenak berreskuratuko dituzte presoek, modu mailakatuan. Dena den, hainbat xehetasun eta aldaketa argitaratu zituzten arratsaldean, eta horietako bat izan zen espetxeetara egin daitezkeen mugimenduak probintzietara mugatzea, koronabirusaren ondorioz lurraldeen artean mugimenduak mugatu izanaren aitzakiapean. Beraz, kartzela kokatuta dagoen probintzian edo "osasun-lurraldean" bizi diren pertsonek baino ezingo dituzte presoak bisitatu.

Horrek, besteak beste, zuzenean eragiten die urrunduta dauden euskal preso politikoei. Gaur egun, soilik hiru dira Euskal Herriko kartzela edo zentroren batean dauden preso politikoak: Asier Ezeiza, Txus Martin eta Ibon Iparragirre, Araban daudenak. Haiek, beraz, Araban bizi diren pertsonen bisitak izan ahalko dituzte.

Frantziako espetxeetan, bisitak baimenduta

Frantziako Estatuan preso daudenen kasuan, atzotik dituzte baimenduta bisitak. Krisia hasi zenetik, COVID-19 birusaren kutsatzea dela-eta, zenbait neurri hartu ditu Frantziako Gobernuak; hala nola, zigorraren amaierara iritsi diren edo gaixo dauden hainbat preso askatzea erabaki du, kartzeletako gainpopulazioa arintzeko. Euskal preso politikoei, baina, ukatu egin diete espetxetik irtetea, gaixotasunen bat izan edo zigorraren bukaerara iritsi arren.

Bestalde, koronabirusaren hedapena ekiditeko presoen kopurua gutxitzeari uko egin dio Baionako (Lapurdi) geldialdi etxeak.

Borroka kartzeletan

Uneotan, borrokan daude Espainiako Estatuko kartzeletan giltzapean dituzten zenbait preso. Murtzia II-ko 8. moduluko hainbat presok protestei ekin zieten aurreko astean, koronabirusak sortutako egoeraren harira, haien eskubideen defentsan. Protestak zirela-eta mehatxu eta eraso egin zioten Patxi Ruiz preso politikoari; hala, gose eta egarri greba hasi zuen. Laugarren borroka eguna du gaurkoa, eta berak hasitako borrokaldira batuz, "txapeoan" daude Jon Kepa Preciado eta Ibai Aginaga preso politikoak, eta janariari uko egiten ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano.

Mikel San Sebastian preso politikoak ere uko egin dio janariaren bandejari, Patxi Ruizekin elkartasunean
Murtzia II espetxean dute preso Mikel San Sebastian lesakarra. Patxi Ruizek hasitako borrokaldiarekin bat eginez, janariaren bandejari uko egiten hasi da, Dani Pastor, Oskar Barreras eta Aitor Cotano preso politikoak bezala. "Txapeoa" egiten ari dira Ibai Aginaga eta Jon Kepa Preciado preso politikoak ere.