AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Urrutikoetxearentzat bost urteko zigorra eskatu du Frantziako fiskaltzako prokuradoreak

2017an ezarri zioten zigorra "gehiegizkoa" dela ebatzi arren, Urrutikoetxearen aurkako akusazioa berretsi eta zigorra bost urtekoa izatea eskatu du terrorismoaren aurkako Frantziako fiskaltzako prokuradoreak. Urrutikoetxeak FIJAIT fitxategian jarraitzea ere eskatu du.

Terrorismoaren kontrako Frantziako Estatuko fiskaltzak bost urteko zigorra eskatu zuen atzo Josu Urrutikoetxearentzat, 2017an eman zioten zazpi urteko zigorra "gehiegizkoa" dela ebatzita. Hala ere, Urrutikoetxea FIJAIT fitxategi automatizatuan mantentzeko eskakizuna berretsi du prokuradoreak. "Arau-hauste terroristen egileak" jasotzen ditu fitxategi horrek, eta Urrutikoetxeari 2020ko urrian jakinarazi zioten han sartu zutela.

2011 eta 2013 artean ETAko kide izatea leporatzen dio fiskaltzak, bai eta klandestinitatean bizi eta ETAko kideekin harremana izatea ere. 2017an izan zen haren aurkako epaiketa, baina auzi-saioan parte hartu ez zuela argudiatuta, hura errepikatzeko eskaera egin zuen Urrutikoetxeak. Prozedurari lotutako gorabeherak direla eta, ordutik hiru aldiz atzeratu dute epaiketa, eta orain ekin diote berriz auzia lantzeari.

Defentsak azpimarratu du akusazioak ez duela "txostenik osatu", eta salatu du Urrutikoetxearen aurkako frogak ez direla argigarriak. Irailaren 1ean jasoko dute epailearen erabakia.

Astelehenean hasiko da Orkoienen emakume bat bortxatu zuten bost gizonen aurkako epaiketa
Duela bi urte izan zen talde bortxaketa Orkoiengo Argia parkean. Antza, erasotzaileetako bi sare sozialen bidez jarri ziren harremanetan emakumearekin, baina hitzordua jartzean, beste hiru gizon ere agertu ziren. Bortxatu eta gero mehatxu egin zioten emakumeari; zeraman arropa garbitzera eta erasoa ez salatzera behartu zuten.