AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Urte bat bete du Gazte Koordinadora Sozialistak

Duela urtebete aurkeztu zuten Gazte Koordinadora Sozialista Gasteizen, eta "miseria garaitan borroka ehuntzeko" hautua eginez, "gazte problematikari klase perspektibatik erantzuteko" bideari ekin zioten ehunka gaztek. Ordutik, dinamika eta ekimen ugari jarri ditu martxan GKSk; besteak beste, formakuntza mintegiak eta lan egunak, Gipuzkoa zein Araba eta Bizkaia mailako Topaketa Sozialistak, edota Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea, Ikasle Abertzaleakekin batera.

Gaur, otsailak 17, urte bat bete du Gazte Koordinadora Sozialistak. Duela urtebete eman zuten GKSren jaiotzaren berri Gasteizko (Araba) Auzolana pilotalekuan, eta Euskal Herri osoko gazteak bertaratu ziren aurkezpen ekitaldira. Orduko hartan bi kidek azaldu zuten modura, "gazte problematikari klase perpektibatik erantzuteko" sortu zuten koordinadora, "egungo miseria kapitalistan botere sozialista eratzeko" hautua oinarri. Hala, "klase batasuna" ardatz, "langile klasearen independentzia politikoa" bermatuko duten "langile instituzioak sortzeko konpromezua" eraman zuten erdigunera ehunka gaztek, "kultura eta ildo sozialista garatzeko" bidean.

Beharrekotzat jo zituzten, besteak beste, "harreman eredu komunisten garapena, borroka komunitatearen indartzea, izaera kritikoa eta sakontasuna lantzea, proletalgoaren defentsa eta babesa egitea, kultura sozialista berpiztea, instituzio proletarioak hedatzea, teoria iraultzailea lantzea, intsumisioa gauzatzea, edota ospakizun eredu politiko berria sortzea".

LEHENENGO HILABETE ETA PAUSOAK

Hamabi hilabete igaro dira ordutik, eta bidezidor ugari urratzen hasiak dira dagoeneko GKSko kideak. Iazko apirilean izan zen aurreneko ekimen publikoa: Arabako eta Bizkaiko Gazte Topaketa Sozialistak, Laudion (Araba). Egungo erronka politikoei "ildo sozialistaren baitan modu eraginkorrean erantzuteko bitartekoak eskaintzea" izan zen helburu nagusia, formakuntza teorikoaren eta praktikoaren bidez.

Ekainean ere jauzi handia eman zuen GKSk, Ikasle Abertzaleakekin batera: Euskal Herriko Gazte Sozialisten Topagunea egin zuten aurrenekoz, Azpeitian (Gipuzkoa). Ehunka gazte elkartu ziren bertan bost egunez, "lana erdigunean kokatuz, indar metaketa ardatz duen lan prozesu bat" gorpuzteko, eta "iraultzaren sugarra hauspotzeko". Lan egunak izan ziren nagusi, baina "formakuntza eta eduki politikoa" lantzeko parada ere izan zen, hitzaldi eta mahai-inguru bidez. Borroka komunitatea indartzera begira ere mugarri izan zen Topagunea.

IKASTURTE BERRIA

Ikasturte politikoa berria hastearekin batera jarri zituen martxan GKSk lan berriak. Besteak beste, hilabetero formakuntza mintegiak egiteari ekin zion udazkenean, "formakuntza teorikoan sakontzeko eta gazte langileon praktika politikorako tresnak eskuratzeko". Lan egunak ere egin dituzte GKSko kideek Euskal Herriko hainbat gune birjabetutan, "praktika politikoa aurrera eramateko espazioak egokitzeko" asmoz. Besteak beste, Tolosan (Gipuzkoa), Arrigorriagan (Bizkaia), Ordizian (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Legution (Araba) edota Lekeition (Bizkaia) izan dira auzolanak.

Dinamika horietaz gain, datozen hilabeteetarako ekimen berriak ere badituzte esku artean GKSko kideek; tartean, Gipuzkoako Topaketa Sozialistak Bergaran (Gipuzkoa), eta 2020ko Gazte Sozialisten Topagunea Legution. Bide luzea dute aurretik miseriaren erdian hautu bat egin duten ehunka gazteek.

Desalojo arriskuan dago Legutioko Desjabetuon Hotela
Legutioko Desjabetuon Hotelaren aurkako epaiketa izan da gaur, eta proiektua martxan jarri zuten kideek azaldu dutenez, datozen asteetan hutsarazi dezakete eraikina. "Langileon kontrolpeko espazioen defentsa eraginkorra garatzeko konpromisoa" berretsi dute herriko gazte antolatuek, eta militante sozialistei dei egin diete "Desjabetuon Hotela eraikitzen jarraitzera". Abenduaren 26an birjabetu zuten espazioa, eta ordutik, hamaika dinamika eta borroka hartu ditu, tartean, formakuntza mintegiak edota Imaginate enpresak hainbat langilerekin zituen zorrak ordaintzeko borrokaldia.