AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Urtebeteko kartzela-zigorrak berretsi ditu epaileak 'Leioako 5entzat'

Joan den irailean epaitu zituzten 'Leioako 5ak' Bilbon, 2016ean Leioako campusean izandako ikasle mobilizazio bati lotuta. Hasieran 40 urteko zigorrak eskatzen zituzten haientzat, baina gerora eskaerak jaitsi zituen fiskaltzak. Epaiketa dela-eta, dena den, 26.000 euroko kostu ekonomikoari egin beharko diote aurre auzipetuek.

Leioako 5en kontrako auziaren ebazpena jakinarazi du jada epaileak: urtebeteko kartzela-zigorra auzipetutako lau gazterentzat, desordena publikoak eragitea leporatuta, eta urte erdikoa bosgarrenarentzat, autoritateari atentatua egitea egotzita. Epaileak, beraz, ontzat eman ditu fiskaltzak egindako eskaerak. Hala ere, guztira, 26.000 euroko kostu ekonomikoari egin beharko diote aurre, egin dieten epaiketa dela-eta.

Joan den irailaren 27an epaitu zituzten Leioako 5ak, Bilboko (Bizkaia) Justizia Jauregian. 2016an Leioako (Bizkaia) campusean izandako mobilizazio baten harira auzipetu eta epaitu zituzten bostak. Manifestazio horretan, Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU/UPV) ikasle mugimendua jasaten ari zen errepresioa salatu zuten, eta ikasleen kontrako hainbat errepresio kasuren inguruko bost exijentzia egin zizkioten unibertsitateari. Segurtasun-indarretako poliziak, baina, manifestarien kontra oldartu ziren, eta campusera sartu zen Ertzaintza beste behin, EHUren aginduz. Orduan atxilotu zituzten Leioako 5ak.

Ikaragarrizko eskaerak egin zituen fiskaltzak bost gazteentzat: 40 urteko kartzela-zigorrak, hamazazpina urtekoak bi lagunen kasuan, eta 45.000 euroko zigor ekonomikoak osotara. Epaiketa egunean, baina, eskaera horiek nabarmen jaitsi zituen fiskaltzak: urtebeteko eskaerak egin zituen auzipetuetako laurentzat, eta urte erdikoa bosgarrenarentzat. Epaileak, orain, berretsi egin ditu zigor eskaera horiek.

Epaiketa izan aurreko asteetan, mobilizazio ugari egin zituzten Euskal Herrian, Leioako 5ak aske gera zitezela exijitzeko; Leioako campusean eta bost gazteen eskualdeetan izan ziren mobilizazioak. Epaiketa egunean bertan ere jende ugari bertaratu zen Bilboko Justizia Jauregi aurrera, Leioako 5ei babesa emateko eta euren askatasuna aldarrikatzeko.

Ikusi hemen GEDAR LANGILE KAZETAk Leioako 5en kasua puntuz puntu azaltzeko prestatutako infografia.

Munduko palestinarren erdia diasporan bizi dira
14 milioi palestinar inguru daude mundu osoan, eta horietatik 7 milioi baino ez dira bizi Palestina historikoko lurraldeetan. Gazako eta Zisjordaniako emigrazio tasa %78,86koa zen 2020an.