AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

VII. Kongresua burutu dute Ikasle Abertzaleek

Irailetik martxan zuten hausnarketa prozesua amaitu ostean, ehunka militante batu dira gaur Berriozarren. Hala, VII. Kongresua itxi dute Ikasle Abertzaleek, eta emaitza aurkeztu dute: 'Errainu' ponentzia.

Ikasturte hasieratik eztabaida prozesuan murgilduta egon ostean, VII. Kongresuaren amaiera ekitaldia egin dute gaur Ikasle Abertzaleek, Berriozarren (Nafarroa). "Indarberritze politikorako" prozesu honetan parte hartu duten militante guztietaz harro eta esker oneko mintzatu dira lehen unetik. Hausnarketa guztien emaitzen indarra eta parte hartze zabala ere azpimarratu dituzte IAko kideek; izan ere, militantziaren %83 izan da prozesuaren parte, eta 102 emendakin izan dira onartuak. Bozketa beharrik gabe eta aho batez adostu dute, beraz, amaierako ponentzia.

Kongresuaren berrikuntza metodologikoak ere aipatu dituzte: militanteek uneoro izan dute eduki, erabaki eta emendakinen gaineko kontrol eta jakintza zuzena. Horrek eskatzen duen lanketa eurena eginez, prest agertu dira aurreko belaunaldiek bizi izan dituzten kongresuetako "ohitura burokratak alboratzeko", baita autokritikaren bidez "aurrekari positibo eta beharrezkoa" ezartzeko ere.

Metodologiaz gain, kongresua "bere osotasunean" kokatu dute aurrekari modura. Horregatik izendatu dute Errainu ponentzia, Euskal Eskola Nazionalaren norabidea "argituko duen errainua" izango delako. Langile belaunaldi berrientzat burgesiak prestaturiko "etorkizun beltz eta ilunean", itxaropenaren argi errainu izan nahi du ponentziak; "ildo politiko sozialista iraultzailearen" berme.

Euskal Eskola Nazionalaren helburu estrategikoan berretsi, eta beste esparruetan ere norabide berean aurrerapausoak emateko prestutasuna azaldu dute Ikasle Abertzaleek, hezkuntza kapitalismoaren esparru independiente bat ez dela eta soilik "prozesu sozialista orokorraren baitan" ebatzi daitekeela adieraziz.

Prozesu sozialista orokorra elikatzeko bidean, langileriak jasaten duen zapalkuntza bakoitzaren aurka "aurrerapausoak ematea" beharrezkoa izango dela aurreikusi dute. Halaber, Errainu ponentziak azaltzen duen marko teoriko eta ideologikoan jaso dituzte euskal langileriak jasaten dituen genero eta nazio zapalkuntzaren auziak ere.

Ziklo berria

Antolakuntza eredua birplanteatzeko beharra ere mahaira atera dute IAko kideek; batez ere, "aurreko ziklo politikoaren amaiera nabarmena" kontuan hartuta. Orain arte gailendutako ikuspegi politikoek "muga operatibo nabariak" aurkitu dituztela iritzita, "ziklo berri baten unea" heldu dela nabarmendu dute.

Azken borroken emaitzak ere balioan jarri dituzte: autodefentsa sareak, Herri Unibertsitatea, espazio propioen jabetzea, edota Unibertsitateko Indar Batasuna, besteak beste. Lanketa forma horiek guztiek antolakundearen "militantzia ereduaren" baitan ulertu dituzte. Zentzu horretan azaldu dute kongresu prozesuaren diskrezioa: eguneroko lan "umil, isil eta eraginkorraren" kulturari jarraiki, foku mediatikoa eta kanpo esku hartzeak ekiditea izan dute xede.

Iraultza haziak, iraultzan heziak

"Proletalgoak bere kateak hausteko" historikoki egindako borroka bakoitzaren oinordekotza onetsi dute Ikasle Abertzaleek; ez, baina "doktrinaren jarraipen itsu" bezala. Esperientzia bakoitzetik ateratako irakaspen historikoen sintesi gisa ulertu dute oinordekotza hori, hain zuzen. Irakaspenak iraultza saiakera eta gauzapen guztiak bezain ugari zein aberatsak dira. Badute zer ikasi, eta badute zer irauli.


“Mehatxu terroristak” egotzita aske geratu dira atzo Iruñean atxilotutako 3 lagunak
Ciudadanos alderdiak Iruñean ireki berri duen egoitzan amnistiaren aldeko margoketak agertu ziren. Margoketa horiekin lotuta, hiru pertsona atxiotu zituzten atzo Iruñean. Epailearen aurretik igaro ondoren aske utzi zituzten hiruak ere, karguekin. “Mehatxu terroristak” egitea leporatzen diete.