AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Vox alderdia ezin daiteke izan gorroto-delitu baten biktima, Nafarroako Probintzia Auzitegiak ebatzi duenez

Auzipetuta egon dira Lizarrako bi gazte, Vox alderdiaren aurka protesta egiteagatik. Faxistek gorroto-delitu bat egotzi nahi zieten bi auzipetuei, baina defentsak jarritako helegitea ontzat eman du auzitegiak: gorroto-delituak ez ditu alderdi politikoak kaltetu gisa barne hartzen.

Vox alderdi faxistak han-hemenka antolatutako propaganda-postuak eta mitinak direla-eta, ohikoak izan dira faxismoaren aurkako askotariko protesta-ekintzak Euskal Herrian. Lizarran (Nafarroa) ere hala gertatu zen 2022ko martxoan, Voxek propaganda egiteko postu bat prestatu zuenean, eta talka bat izan zen faxisten eta haien kontra protesta egitera bertaratu ziren zenbait lagunen artean.

Talka horren harira auzipetu zituzten bi gazte, epaitegietara jo eta salaketa bat aurkeztu baitzuen Voxek. Alderdi horrek akusazio larriak egin zituen bi lizarratarren kontra: gorroto-delitu bat egitea leporatu zien, eta horregatik zigortzea eskatu zuen.

Bi akusatuen defentsak, ordea, helegite bat jarri zuen gerora: gorroto-delituari lotutako akusazioa atzera bota zedila eskatu zuen. Eta, berriki jakin denez, Nafarroako Probintzia Auzitegiak ontzat eman du helegite hori: ebatzi du ezin zaiela gazteei gorroto-delitu bat egin izana leporatu. Izan ere, nabarmendu du alderdi politiko bat ezin dela gorroto-delitu baten biktima izan, eta horixe da, hain justu, Voxen kasua.

Auzitegiak prozedura judizial honetan mahaira atera duenez, gorroto-delitu bat jasan dezaketenak talde edo sektore jakin batzuk dira; gutxiengo sozialak, nagusiki. Ez da hori alderdi politikoen eta, beraz, Voxen kasua; beraz, horiek ezin daitezke gorroto-delitu baten biktima edo objektu izan.

Nafarroako Probintzia Auzitegiaren ebazpen hori, hala, aurrekari garrantzitsu bat izan daiteke. Gaur-gaurkoz, antzeko hainbat auzi daude zabalik; alegia, lekuan leku Voxen kontra protesta egiteagatik, gorroto-delitu bat egitea leporatuta. Lau urtera arteko espetxe-zigorrak dakartza gorroto-delitu bat egiteak.

Donostiako Zentro Sozialista hainbat urtetarako egonkortzea lortu dute
Zentro Sozialista husteko prozedura judiziala geratzea lortu dute Donostiako Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, eta espazioan jarraitu ahal izateko berme idatzi bat lortu dute. Joan den apirilean eman zuten Gipuzkoako hiriburuko Zentro Sozialistaren irekieraren berri, "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa". Egitarau zabal bat antolatu dute bertan hilabete honetarako.