AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Yakovlev 42 musika-taldeko kideak ikertzen ari dira, euren abestien letrengatik

Guardia Zibilak txosten batean leporatzen die gorroto-diskurtsoak eta irainak zabaltzea euren kanten bidez, bai eta "indarkeria etengabe goraipatzea" ere. Maiatzaren 6an Donostian deklaratu beharko dute, eta urtebete eta lau urte arteko espetxe-zigorrak eska ditzakete euren kontra.

Oiartzungo (Gipuzkoa) Yakovlev 42 musika-taldeak adierazpen bat argitaratu du berriki, ikerketapean dagoela jakinarazteko. Joan den otsailean jaso zuten zitazio judizial baten zedula taldeko bi kidek, eta, zenbait egun beranduago, gainerako kideek eta dagoeneko taldearen parte ez den kide ohi batek jaso zuten jakinarazpen berdina.

Guztira, sei dira Yakovlev 42 taldearen letrengatik ikertuak izaten ari diren pertsonak. Guardia Zibilaren txostenak dio taldekideak euren "ikuspegi ideologikoarekin bat ez datozen guztienganako gorrotozko diskurtsoa elikatzen" ari direla, auzipetuek beraiek azaldu dutenez. "Letra guztiz iraingarri eta intoleranteak idaztea" egozten die Poliziak, baita kontzertuetan "zenbait jokabide erakustea eta indarkeria etengabe goraipatzea" ere.

Maiatzaren 6an, Donostiako Instrukzio Epaitegira

Akusazio horiek direla-eta, auzipetutako sei lagunek datorren maiatzaren 6an deklaratu beharko dute Donostiako (Gipuzkoa) Instrukzio Epaitegian, ikertu gisa. Itxura denez, zehazki, "gorroto-delitu" baten harira hitz egin beharko dute bertan. Ikerketa horrek aurrera egiten badu eta akusazio formal bat aurkezten bada, kartzela-zigorrak eska ditzakete sei ikertuentzat: urtebete eta lau urte artekoak izan daitezke zigorrak.

Adierazpen askatasuna

Egoera horretan, aldarri argi bat egin du Yakovlev 42 taldeak: adierazpen askatasunaren aldekoa. "Beste behin ere, eta oraingo honetan lehen pertsonan, guztiok izan beharko genukeen adierazpen askatasunaren eta askatasun kulturalaren aurkako eraso baten lekuko izaten ari gara", salatu dute kideek.

Ertzaintzak Mugimendu Sozialistako bi militante jazarri ditu
Kalez jantzitako bi poliziak eta Ertzaintzaren patruila batek atxiki zituzten, ostatu batetik irteten ari zirela; bere izenez deitu ostean, ertzainek eurekin eraman behar zutela esan zioten militanteetako bati. Gazteak hotelean erregistratzean jakinarazpen bat jaso zutela argudiatu zuen Poliziak, nahiz eta ez daukaten euren kontrako inolako auzirik irekita. Ez da Poliziak Mugimendu Sozialistaren kontra halako jazarpen-mekanismoak erabiltzen dituen lehen aldia; oraingoan, baina, militante baten sakelako telefonoko datu pertsonaletara sarbidea izateko mugimenduak egin ditu, antza.