AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Yvan Colonna preso politiko korsikarraren hilketa, argitu gabe

Joan den martxoan hil zuen Arlesko espetxeko preso batek, baina oraindik ez dute gertatutakoa erabat zehaztu. Uztailean ireki zieten espedientea bi kartzelazaini, eta orain, badirudi ikerketa batzorde bat sortuko dutela. Protesta ugari izan dira Korsikan preso politikoaren erailketa dela-eta.

Aurtengo martxo hasieran atera zen argitara Arlesko kartzelan gertatutakoa: Yvan Colonna preso politiko korsikarrari eraso zion beste preso batek, modu hilgarrian. Eragindako zauriak zirela-eta, Colonna ia hiru astez izan zen koman, eta martxo bukaeran zendu zen, Marseillan. 61 urte zituen, eta biziarteko kartzela-zigor bat betetzen ari zen. Denbora luzez eskatu zuen Korsikako espetxeren batera lekualdatzeko, baina ez zuten bere eskaria onartu.

Zazpi hilabete igaro dira Colonnaren hilketatik, eta oraindik ez dituzte gertakariak erabat argitu. Frantziako Batzar Nazionaleko Zuzenbide Batzordeak aste honetan onartu du ikerketa batzorde bat eratzea, preso politikoaren heriotza ikertzeko. Dirudienez, korsikarra hil zuen presoaren atxiloaldi-baldintzak aztertuko dituzte, baina ohartarazpen bat egin dute: ezingo dira "autoritate judizialaren eskumen esklusibokoak diren materiak" miatu.

Uztailean jakinarazi zuten "diziplinazko espediente" bana ireki zietela Arlesko espetxeko bi agenteri. Izan ere, Colonnaren heriotzari buruzko txosten batean ondorioztatu zen "hutsuneak" izan zirela bien aldetik; batek "zaintza aktiboan" huts egin zuen, eta, besteak, "bideozaintzaren eta orientazioaren erabilera desegokia" egin zuen "erradikalizazioa ebaluatzeko" eremuan.

Korsikan protestak piztu ziren Colonna hil zenean. Irailean, erailketa izan zela sei hilabete bete zirenean, berriz hasi ziren protestak; Bastian, esaterako, manifestazio bat izan zen.

'Agirretarren bandera' antzezlanaren azken datak iragarri ditu Ekidak
Maiatzean estreinatu zuen Ekida Arte Ekimen Sozialistak ekoizpen propioz antolatutako lehen antzezlana. Orain arte, bederatzi emanaldi egin dituzte Euskal Herrian zehar eta gustura daude ibilbidearekin.