AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Zaldibarko zabortegian bi langile desagertu zirenetik hiru hilabete beteko dira bihar

Zaldibarko hondakindegian harrapatuta geratu ziren bi behargin otsailean, eta egun, desagertuta jarraitzen dute. Martxan dira bilaketa lanak, eta horretan jarduten duten 100 langileen lan baldintzetan "irregulartasunak" izan direla salatu dute, batez ere, babes neurriei dagokienean. Amianto arrastoak edota dioxina eta furano zenbateko altuak aurkitu dituzte eremuan, eta aurreko astean sute berri bat piztu zen.

Bihar, maiatzak 6, hiru hilabete beteko dira Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian bi langile harrapatuta geratu zirenetik, luizi baten ondorioz. Otsailaren 6an izan zen, eta oraindik desagertuta jarraitzen dute bi Alberto Sololuzek eta Joaquin Beltranek, milaka zabor tonaren azpian.

Egun martxan jarraitzen dute bilaketa lanek, eta apirilean GEDAR LANGILE KAZETAk jasotako datuen arabera, 100 langile baino gehiago ari ziren jardun horretan, "irregulartasunekin" lan baldintzei dagokienean, batez ere, babes neurri aldetik. Hondakindegiaren beheko aldea hustu ostean, uneotan goiko aldean ari dira bi langileak bilatzen. Apirilaren 5ean aurkitu zuten Sololuzeren autoa.

Sute berri bat aurreko astean

Otsailean hainbat azterketa egin zituzten eremuan, eta emaitzek adierazi zuten dioxina eta furano ehunekoak oso altuak zirela, zenbateko arruntak baino 40 aldiz handiagoak. Antza, hondakindegian sortutako suteek eragina izan dezakete. Aurreko astean, sute berri bat piztu zen zabortegian.

Luizia gertatu eta desagertutako beharginen bilaketa hasi bezain pronto, bertan behera geratu ziren erreskatatze lanak, lurraren desegonkortasuna eta amianto arrastoak zirela-eta.

Biharko ere deialdiak

Zaldibar Argitu plataformak 5 minutuko burrunbada deitu du biharko, balkoietatik egiteko. 20:30ean jarri dute hitzordua. Plataformako kideek azaldu dutenez, hainbat eskakizun egin ditu hilabeteotan; besteak beste, desagertutako langileak topatzea, zabortegian jazotakoaren inguruko argipenak ematea, edota bilaketa lanetan ari diren langileen segurtasuna bermatzea. Dena den, Eusko Jaurlaritzak guztiei entzungor egin diela salatu dute.

Ikasleen baldintzei lotutako bi eskaera egin ditu Aiaraldeko IAk, eta sinadura-bilketa abiatu du Laudion
Eskualdeko 206 ikaslek erantzun dute Aiaraldeko IAk osatutako galdetegia. Erantzunak aztertuta, bi aldarrikapen nagusi mahaigaineratu dituzte IAko kideek: batetik, ikastetxeek ikasturte hasieran zehaztutako egutegi eta ordutegiak errespetatzea eta hortik kanpo ematen diren eskolak bertan behera uztea, eta bestetik, ikasketa prozesua ikasleen beharretara egokitzea, beharrezkoa den edukia soilik landuz, esaterako. Momentuz Laudioko Ikastolan eta institutuan jarri dute martxan sinadura-bilketa, baina ez dute baztertu eskualdeko gainontzeko heziguneetan ere "eztabaida prozesuak" abiatzea.