AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Zamudioko lantegian 121 langile kaleratuko ditu ITP Aerok, modu mailakatuan

Sindikatuekin negoziaketak amaitu ostean, ITP Aero enpresaren zuzendaritzak 121 langile kaleratuko ditu Zamudioko (Bizkaia) lantegitik. Tartean, 58 urtetik gorako 42 pertsona aurretiko erretiroa hartzera behartu ditu. Horrez gain, hamalau hilabeteko lan erregulaziorako txosten bat ezarriko diete lanean jarraituko duten beharginei.

ITP Aero enpresaren zuzendaritza eta sindikatuak hainbat egunez aritu dira negoziaketetan. Zuzendaritzak egindako eskaintzari jarraiki, Zamudioko (Bizkaia) lantegian 121 langile modu mailakatuan kaleratzea adostu dute: aldi baterako kontratua duten 71 behargin kanporatuko dituzte, 58 urtetik gorako 42 langile behartu dituzte aurretiko erretiroa hartzera, eta zortzi baja bultzatu dituzte. CCOO eta UGT sindikatuek sinatu dute akordioa enpresaburuekin.

Kaleratuko dituzten langile gehienen perfila berezia da: behin-behineko kontratuekin, enpresan bi urte baino gehiago egin dituzten gazteak dira. Zamudioko lantegian dauden beharginen %12 daude egoera horretan.

Lanean jarraituko duten beharginek, bestalde, hamalau hilabeteko lan erregulazio txosten baten eraginpean jardungo dute.

Kaleratzeen aurrean, greba

Kaleratze iragarpenaren harira, urriaren 14an hiru eguneko grebari ekin zioten ITP Aero enpresako langileek, negoziaketak hasi aurretik. Langileen arabera, kaleratzeak gauzatzeko arrazoi nagusia da enpresa "erakargarriago" bilakatzea, etorkizunean enpresa saltzen denean, soldatak murritzagoak izan daitezen.

Neurri murriztaile gehiago Nafarroan: sarrera-irteerak debekatu dituzte
Nafarroan neurri murriztaile zorrotzagoak jarriko dituzte martxan ostegunean, eta gutxienez bi astez egongo dira indarrean. Besteak beste, konfinamendu perimetrala delakoa ezarriko dute lurraldean, "lanarekin edota osasunarekin lotutako arrazoiengatik" ez badira, sarrera eta irteera guztiak debekatuz. Bestalde, EAEn ere neurri berriak iragarri ditu Eusko Jaurlaritzak: gehienez sei pertsona elkartu ahal izango dira, Nafarroan bezala.