AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

'Zaragozako seietatik' bi indultatu ditu Espainiako Gobernuak

Voxen aurka mobilizatzeagatik, urtebetez baino gehiagoz izan dituzte preso. Beste bi auzipetuk espetxean jarraitzen dute.

Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak indultua eman die Francisco Javier Aijoni (Javitxu) eta Adrian Latorreri, Zaragozako seien auziko bi gazteri. 526 eta 491 egun daramatzate kartzelan, hurrenez hurren, 2019an Voxen aurkako protesta antifaxista batengatik zigortuak izan ostean. Libertad 6 de Zaragoza plataformak, sei urtez Estatuaren errepresioa salatu duenak, adierazi du "herri-mugimenduaren garaipena" dela indultua. Ausazko atxiloketek eta iritzi polizialean oinarrituriko epai bidegabeek markatu zuten Zaragozako seien auzia.

Hala ere, kartzelan mantentzen dituzte epaitutako pertsonetatik bi, Imad eta Daniel, akusazio eta epai berdinak eman baitzizkieten. Libertad 6 de Zaragozak seinalatu du Espainiako Gobernuaren helburua dela mobilizazio soziala "zatitzea eta isilaraztea", baina konpromisoari eutsiko diotela preso politikoak askatu arte.

Plataformak salatu duenez, Adrianek eta Javitxuk indultua jaso arren, indarrean jarraitzen du 200.000 euroko zigor ekonomikoak; isunengatik, kalte-ordainengatik eta kostu judizialengatik. Kostu ekonomiko horrek, berriz ere, preso politikoak eta haien inguru hurbila kondenatzen ditu, gehien-gehienak langile-klasekoak baitira. Dena den, nabarmendu dute kondena horiek ahalbidetzen dituzten legeak, hala nola Mozal Legea eta 2022ko Zigor Kodearen gogortzea, egungo PSOE-Sumar koalizio-gobernuaren eta aurreko gobernuen erantzukizuna direla, zigor-erreformak mantendu eta sakondu baitzituzten, protesta sozialen kriminalizazioa areagotuz.

Zaragozako seien aurkako auziak 2019ko urtarrilean du abiapuntua, Zaragozan faxismoaren aurka izandako mobilizazioetan atxilotutako sei gazte zigortu baitzituzten, lau urte eta bederatzi hilabeterainoko kartzela-zigorrekin. Epaitegiek, batez ere, txosten polizialetan oinarritutako epaiak eman zituzten, auzipetuei Poliziaren aurkako "irainak, erasoak eta objektuak botatzea" leporatu baitzieten. Defentsak eta plataformak ohartarazi dutenez, berez ez dago froga material erabakigarririk ezarritako kondenak justifikatzeko, eta sententziak konfiantza osoa ematen dio bertsio polizialari.

Ertzaintzak hainbat lagun salatu ditu Espainiako Vueltan Bilbon izan ziren protesten harira
Palestinaren aldeko mobilizazioei lotuta, posible da 3.000 eta 4.000 euro arteko isunak jasotzea, baita kirol-eremuetara sartzea debekatzea ere. Zabalik dago ikerketa.