AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Zazpigarren gose eta egarri greba eguna hasi du Patxi Ruizek, eta bigarren gose greba eguna Mikel San Sebastianek

Borrokaldiarekin aurrera jarraitzen duela adierazi du preso politiko txantrearrak. Giltzurrunetan min handia du, eta 10,5 kilo galdu ditu. Atzotik bi eguneko gose greban dago Mikel San Sebastian preso politikoa, Ruizekin elkartasunean. Janariaren bandejari uko egin dio hilaren 14tik. "Txapeoan" segitzen dute Ibai Aginagak eta Jon Kepa Preciadok, eta janariari uko egiten ari dira Dani Pastor, Oskar Barreras eta Asier Cotano. Bestalde, gose greban jarraitzen dute Ezkerraldeko hiru kidek eta Ondarroako hainbat pertsonak, eta barau-egunekin aurrera doaz Bilbon, Ezkerraldean nahiz Deustun. Gaur ere mobilizazioak izango dira Euskal Herriko kaleetan.

Patxi Ruiz preso politikoak zazpigarren eguna egingo du gose eta egarri greban, presoen eskubideen defentsan eta protesta gisara. AAEAMek atzo jakinarazi zuenez, Murtzia II kartzelako medikuak herenegun gauean artatu zuen Ruiz, greba hasi eta bost egunera. Dena den, oraindik ezin izan du konfiantzazko medikuekin harremanetan jarri.

Borrokaldiarekin aurrera jarraituko duela adierazi du txantrearrak. 10,5 kilo galdu ditu dagoeneko, eta giltzurrunean min handia nabaritzen hasia bada ere, tentsioa ondo duela baieztatu dute.

Txantreatik (Iruñea, Nafarroa) Murtzia II-raino joan ziren atzo preso politikoaren bi hurko, eta goizean bisitarik egiten utzi ez bazieten ere, arratsaldean izan ziren Ruizekin. Guardia zibilak zituzten zain espetxearen kanpoaldean, eta irten zirenean, jakinarazi zieten isunak ezarriko dizkietela "konfinamendua hausteagatik".

SAN SEBASTIAN, 48 ORDUKO GOSE GREBAN

Mikel San Sebastian preso politikoak 48 orduko gose grebari ekin zion asteburuan, Ruizekin elkartasunean. Maiatzaren 14tik egin dio uko janariaren bandejari. Ruizen modura, Murtzia II kartzelan dute preso.

Bestalde, borrokaldiarekin aurrera doaz Ibai Aginaga, Dani Pastor, Oskar Barreras, Aitor Cotano eta Jon Kepa Preciado preso politikoak ere. Zeldatik atera gabe jarraitzen dute Aginagak eta Preciadok, eta janariaren bandejari uko egiten ari dira Pastor, Barreras eta Cotano.

BIZKAIAN, 20 GREBALARI BAINO GEHIAGO

Ezkerraldean (Bizkaia) maiatzaren 12tik daude gose greban AAEAMeko hiru kide. Lau grebalarik hasi zuten elkartasun ekintza, baina osasun-arazoak medio, greba bertan behera utzi behar izan du batek. Uneotan, bi pertsona gehiago daude baraualdian, Ezkerraldeko lokal berean: 48 orduko baraualdia hasi zuten maiatzaren 15ean.

Bestalde, Ondarroan (Bizkaia) lau gaztek maiatzaren 14an ekin zioten grebari udaletxeko areto nagusian, eta maiatzaren 15ean, zortzi pertsona gehiago batu ziren, herriko beste lokal batean.

Lau gazteek azaldu dutenez, "Patxiren egoerari herrian oihartzuna ematea eta bere egoera aldatzeko mobilizazioak martxan ipintzea" zen haien asmoa. Aurreikusitako helburuak bete ostean", atzo gauean amaitutzat eman zuten udaletxeko ekintza, eta bertatik irten ziren. Bihartik aurrera, 48 orduko barauak egingo dituzte txandaka, eta haietaz gain, herriko gazte gehiago ere batuko dira ekimenera.

Bilbon (Bizkaia), aldiz, maiatzaren 15ean 48 orduko baraualdia hasi zuten sei pertsonak. Deustuko Armada Gorriari dagokionean, txandakako gose greba abiatu zuten egun berean: kideek 24 orduko barauak egingo dituzte, txandaka.

MOBILIZAZIO UGARI ASTEBURUAN

Elkartasun keinuak eta mobilizazioak ere aurrera doaz gurean. Atzo, besteak beste, Ordizian (Gipuzkoa), Donostian (Gipuzkoa), Ondarroan, Gernikan (Bizkaia), Abadiñon (Bizkaia), Bilbon, Amurrion (Araba), Altsasun (Nafarroa), Irunen (Gipuzkoa), Lekeition (Bizkaia), edota Baionan (Lapurdi) izan ziren elkarretaratzeak.

Igandea dugu gaur, eta momentuz, ondorengo deialdiak egin dituzte:

Bihar ere izango dira elkarretaratzeak; hala nola:

Debekatu egin dute gaur Patxi Ruizi elkartasuna adierazteko Txantrean egitekoa zen manifestazioa
Espainiako Poliziak igorritako txostenarekin bat eginez, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak debekatu egin du Patxi Ruiz preso politikoari elkartasuna adierazteko Txantrean deitutako mobilizazioa, "osasun-arrazoien" aitzakiapean. Debekuaren aurrean, deialdi berri bat zabaldu da sare sozialetan, gaur iluntzerako.