AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Zorroza Gestion de Residuos enpresak Murgan eraildako langilea lekualdatzera behartu zituen haren lankideak, bizirik zegoenean

Otsailean erail zuten Bassirou Dione langilea Murgan, bederatzi metroko altueratik erori ostean. Amildu zenean baina oraindik bizirik zegoenean, lekuz aldatu behar izan zuten haren lankideek, gerentearen agindupean. Izan ere, erori zen unean, ez zegokion lan bat egiten ari zen, derrigortuta eta segurtasun neurririk gabe. Bestalde, erorketa eragin zuen teilatu puskatua hurrengo egunerako konpondu zuen enpresak. Gutxienez langile bat auzipetu du Ertzaintzak, ustezko estalketa delitua egotzita.

Otsailaren 24ean langile bat erail zuten Murgan (Aiara, Araba), Zorroza Gestion de Residuos enpresan. Bassirou Dione, 24 urteko langilea, soldatapean ari zen lanean, bederatzi metroko altueratik erori zenean. Gaur, erailketa jazo zen momentuan enpresak egindako hainbat mugimendu atera dira argitara; LAB sindikatuak eman ditu istripuaren inguruko xehetasunak.

Hala, beharginak segurtasun neurririk gabe aritu izan direla jakinarazteaz gain, Dioni erori osteko uneen berri eman dute: gerenteak zauritua lekuz aldatzera behartu zituen lankideak, eta lekukoen arabera, Dione bizirik zegoen oraindik.

Gainera, teknikariak hurrengo egunean hilketa gertatu zen lekua ikuskatzera joan zirenerako, konponduta zegoen teilatua. Puskatu egin zelako erori eta zendu zen langilea.

Segurtasun neurririk gabe

Dione, beste bi beharginekin batera, hodi bat konpontzera behartu zutela eman du aditzera LABek. Altuera arriskutsu batean eta inongo segurtasun neurririk gabe jardun behar izan zuten; gerentearen esanetara zeuden eta hori ez zen euren lana enpresan. Horretan ari zirela, teilatu zati bat puskatu eta bederatzi metroko altueratik amildu zen Dione.

Zaurituaren lekualdaketa

Langilea erori ondoren eta oraindik bizirik zela, zauritua bere ohiko lan eremura lekualdatu behar izan zuten haren lankideek. Ondoren, gerenteak agindu zuzenak eman zizkien guztiei, gertaturikoaren inguruan enpresak zuen erantzukizuna ekiditen parte hartu zezaten.

"Badakizue zer esan behar duzuen, ez? Zintatik erori dela... Zintatik erori dela!" izan ziren horretarako erabili zituen hitzak.

Aurrekari arriskutsua

Ertzaintzak, enpresaren aurkako neurriak hartu beharrean, gutxienez langile bat inputatu du gertakariak estaltzea egotzita. Ekinbide juridiko horrek aurrekari arriskutsu bat jarri du mahai gainean LABen arabera, ateak ireki baititu enpresetan ematen diren langileen erailketen ardura langileei egozteko.

Josu Arkauz eta Unai Parot preso politikoek 29 eta 30 urte bete dituzte espetxean
1991n eta 1990ean atxilotu zituzten Josu Arkauz eta Unai Parot arrasatearrak. Hainbatetan zigortu dituzte ETA erakundearekin eta zenbait atentaturekin lotuta; Arkauzi 115 urteko kartzela zigorra ezarri diote guztira, eta Paroti, 4.707 urtekoa. 1973ko kode penalari jarraiki, baina, zigorrak bateratu eta 30 urtean geratu ziren. Hala ere, "trikimailu desberdinak erabiliz, zigorrak luzatzeko" saiakerak bere horretan jarraitzen duela salatu zuten iragan astean. Mekanismo horien artean aipatu dituzte 'Parot Legea' delakoa edota Arkauzek Frantziako Estatuan preso egindako denbora kontuan hartu ez izana.