AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Zumaiako etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek hitzarmena lortu dute

Beharginek hiru urte eman dituzte Eulen enpresari lan-baldintzak hobetzea eskatzen. Sektoreak herrian eskuratu duen lehen hitzarmena da, eta "Gipuzkoako erreferentziazko hitzarmen" bihurtuko dela uste du ELA sindikatuak. 2023 amaierara arte, 1.556 euroko oinarrizko soldata zehazten du 27 emakume langilerentzat. Ordura arte, Kontsumorako Prezioen Indizearen araberako soldata-igoerak aurreikusten ditu; hiru urtean %9, gutxienez.

Zumaiako (Gipuzkoa) etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek akordioa erdietsi dute Eulen Sociosanitarios enpresarekin, hiru urteko borrokaren ostean. 2023 bukaerara bitartean, 1.556 euroko oinarrizko soldata izango dute langileek; Kontsumorako Prezioen Indizearen (KPI) gaineko %9ko gutxieneko igoera barne hartuta. Horrez gain, lanaldia arautzeko eta kontratazioa hobetzeko neurriak ere ezarri ditu hitzarmenak, baita etxe batetik bestera joateko bidaien hileroko konpentsazio ekonomikoa ere.

Soldatapekoak 2014tik zeuden lan-baldintzen hobekuntzarik ikusi gabe. Horren harira, mobilizazioak abiatu zituzten iragan uztailean, Eulenekin eta Zumaiako Udalarekin negoziatzea helburu. ELA sindikatuaren esanetan, Zumaiako langileek lortutakoa "sektoreko erreferentziazko hitzarmen" bihur daiteke Gipuzkoa mailan.

27 emakumek osatzen dute etxez etxeko laguntza zerbitzua Zumaian, eta sindikatuaren esanetan, "lorpen hori ez litzateke posible izango langile horien guztien antolakuntzarik eta borrokarik gabe". Langileen ordezkaritzaren ustez, beharginek azken hilabeteotan eginiko mobilizazioek ahalbidetu dute udalak zein enpresak behin betiko urratsak ematea.

Langile bat zauritu da Unanun, gidatzen ari zen kamioiaren frenoek huts egin ostean
Sakanako Mankomunitateko zabor zerbitzuan aritzen da langilea. Iraungita dago gidatzen ari zen kamioiaren Ibilgailuen Aldizkako eta Nahitaezko Azterketaren ziurtagiria; EH Bilduk kudeatzen ditu Sakanako nahiz Mendialdeko udal elkarteak, eta Mendialdeko langileek sarri salatu dute ez direla haien segurtasunerako gutxieneko baldintzak betetzen.