Urtea hasi zenetik Israelgo indarrek 268 palestinar erail ostean, aurreko larunbat goizaldean, erasora jo zuen Palestinako erresistentziak, ezustean: milaka suziri jaurti zituzten Israelen kontrolpeko eremuetara, hainbat hiriburutara armatuta sartu ziren, sionisten hainbat baliabide militar hartu zituzten eta, gainera, hainbat israeldar bahitu zituzten, tartean militarrak. Ordutik, urte luzez ikusi gabeko gorakada eta biziagotze bat izan da Palestinako gatazkan.
Nagusiki, Gazako Zerrenda eraso du Israelek modu masiboan (nahiz eta Zisjordania okupatuan ere jarraitu duten palestinar gazteen erailketek, militar israeldarren partetik), gerra-egoera deklaratuta. Aire-bonbardaketa eta atxiloketa masiboak ikusi dira han azken hiru egunetan. Argitaratutako azken datuen arabera, atzo iluntzean, 413 ziren Israelgo indarren operazioaren ondorioz hildako palestinarrak. Zaurituak, berriz, 2.300 inguru ziren. Israelgo Defentsa ministroak iluntzean egin zituen adierazpen mehatxagarri gehiago: Gazako Zerrendaren kontrako erasoek inoiz ikusi gabeko intentsitate bat izango dutela esan zuen, eta "jokoaren arauak erabat aldatu" direla.
Palestina Hoy atariak hainbat datu eman ditu sarraskiari buruz: 36 orduan, Israelek suntsitu egin ditu Gazako 1.210 etxe, hamahiru bizileku-eraikin, hiru eskola eta hiru meskita. 74.000 palestinar mugitu behar izan dira.
Hamaseko adar militarreko buruak gauean jakinarazi zuen, bestalde, Ashkelon hegoaldera onik heldu zirela taldeko kideak. 22:30ak aldera, Israelgo indarren kontra ari ziren borrokan Zekeem, Yiftah, Soufah y Miflasimen.
Israelen eraso erraldoi baten atarian?
Irakurri hemen asteburuko gertakarien hainbat gako nagusi, eta hemen Leire Regadasek Arteka aldizkarirako idatzitako erreportajea: Palestinako bake kolonizatua