Gaur jakinarazi dutenez, enplegu erregulazio txostenak -ERTE modura ezagunak- urtarrilaren 31ra arte luzatuko ditu Espainiako Gobernuak, patronalaren oniritzia jaso ondoren. Atzo onartu zuten neurria UGT eta CCOO sindikatuek. Luzapena gauzatzeko, CEOE Espainiako patronalaren onarpena zen gakoa atzotik, aldi baterako erregulazioa enpresa guzti-guztiek eskatu ahal izatea baitzuen helburutzat patronalak. Urtarrilaren amaieratik aurrera ere espedientea luzatzeko ateak irekita utzi ditu gobernuak.
Urriaren 1etik aurrera, sektoreen araberako baldintzak izango dituzte erregulazio txostenek, "soilik pandemiaren eraginei lotuta" eskatu ahal izango direnak. Urrian eta azaroan, Gizarte Segurantzaren kotizazioetan %75etik %85era arteko deskontuak izango dituzte lan erregulazioa gauzatzen duten enpresek, tamainaren arabera; eta abenduan eta urtarrilean, %60ekoak eta %50ekoak.
PANDEMIAREN ERAGIN ZUZENETIK HARAGO
Ez da patronalaren ordezkariek enplegu erregulazioa malgutzearen eta luzatzearen alde egiten duten lehen aldia. Maiatzean, Confebaskek bat egin zuen erregulazioak "malgutzearekin, luzatzearekin eta enpresa eta sektore bakoitzaren egoerara egokitzearekin".