AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gasteizko (Araba) Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, Salburua eta Zabalgana auzoetako 500 etxebizitza erosi berri ditu Catella izeneko funts suediarrak. Aurreko apirilaren 7an Vitalquerreko maizterrei jakinarazi zitzaienez, parke publiko osoa exoneratzeko akordioa onartu zuen Eusko Jaurlaritzak.

Vital Fundazioaren eta Etxebizitza Sailaren artean egindako hitzarmenaren arabera, bizileku horiek Babes Ofizialeko Etxebizitza modura sailkatu zituzten 2008. urtean, eta gutxienez 15 urtean, ezingo lirateke saldu eta alokairu babestuan egoteko bermea izan beharko lukete. Hala ere, 2023. urtetik aurrera, Catellak saldu egin ahalko ditu etxebizitza horiek, eta behin 10 urte igarota, 2033. urtean, baldintzak aldatzeko aukera izango dute jabetzen kudeatzaile berriek. Hala, esaterako, maizterren abalak igotzeko gaitasuna izango dute, Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez.

KRISIALDIAK

Euskal Herrian gero eta ugariagoak dira funts putreek bereganatutako etxebizitzak; izan ere, estrategia argia dute: "koiunturako krisi uneez" baliatuta, prezio baxuko jabegoak erosi eta "balio egonkorrean" alokatu (higiezinen merkatuak duen ezegonkortasunetik kanpo), azkenik inbertsioa berreskuratzeko eta handitzeko.


MUGIMENDU KUTTUNAK


Catella funts kudeatzaileak, adibidez, 2.000 etxebizitza ditu Espainiako Estatuan, eta BOE/VPO dira erdiak.

Sindikatuko kideek nabarmendu dute "gero eta kontzentratuago dagoen botere ekonomikoari lotuta" ageri dela etxebizitzaren auzia, eta "kapitalaren basakeria leuntzeko neurri erreformista gehiago" iragarri dituzte. "Argi dugu ez direla inoiz nahikoa izango".

Bizi dugun salbuespen egoeran, "doako etxebizitza unibertsal eta kalitatezkoa" aldarrikatu dute "burgesiaren ofentsibaren aurrean".