AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Siriako gerraren ondorioz, azken urteetan 14 milioi pertsona inguruk egin behar izan dute ihes herrialdetik, eta hainbat iturrik seinalatu izan dute munduko errefuxiatu-krisirik handiena dela bertakoa. Orain, Hayat Tahrir al-Sham (HTS) buru duten indar islamistek Bashar al-Assaden gobernua indarrez bota dutenean, Europako hainbat herrialde ari dira siriarrei asilo-eskaerak ukatzen.

Alemaniako Migrazio eta Errefuxiatuen Bulego Federalak (BAMF) eten egin ditu siriar jatorriko 47.270 pertsonaren asilo-eskaerak, bulegoko ordezkari baten hitzetan, "Siriako etorkizun politikoa zalantzazkoa" delako eta egoerak "errefuxiatuen mugimendu berriak sor ditzakeelako". Austriako Gobernuak ere aplikatu ditu babes-eskaerak bertan behera uzteko neurriak, bertako Barne Ministerioak adierazi duenez. Osotara, siriar errefuxiatuen 7.300 eskaera geratu ditu.

Beste hainbat herrialdetako gobernuek ere blokeatu edo blokeatuko dituzte siriarren asilo-eskaerak, hala nola Frantziako Estatuak, Italiak, Danimarkak, Norvegiak eta Erresuma Batuak.

Errefuxiatu siriarrak Europan

Siriako errefuxiatuak dira Europan asilo-eskaera gehien egiten dituztenak. 181.000 eskaera izan ziren 2023an, Europar Batasuneko Asilo-Agentziaren arabera, eta aurten 74.420 eskaera zenbatu dituzte Alemanian bakarrik. Oraingoz Alemania izan da errefuxiatu siriar gehien hartu dituen herrialdea: Siriako 800.000 pertsona bizi dira bertan gaur egun, Angela Merkelen gobernuak 2015ean sarbidea ahalbidetu zuenetik.

Migrazioak gai nagusietako bat izaten jarraitzen du Europako gobernuen politiketan, eta migrazio-fluxuak kontrolatzeko neurri ugari ezartzen ari dira. Herbehereek, Alemaniak, Frantziako Estatuak eta Norvegiak, besteak beste, Schengen eremuko mugak gogortu dituzte azken hilabeteetan.