AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Urola Kostako Gazte Koordinadora Sozialistak otsailaren hasieran aurkeztu zuen Gazteon esplotazioa borrokatu! dinamika. Urola Kostako Laneko Autodefentsa Sarearekin elkarlanean, "gazte langileok soldatapeko lanari dagokionez bizi dugun egoera ezegonkorra" aztertzeko asmoz jarri zuen martxan dinamika GKSk, eta gazteen lan-baldintzei buruzko hainbat ertz landu ditu azken asteetan.

Azpimarratu du, besteak beste, gazte langileen artean ohikoa dela "soldata-debaluazioa", eta, lan prekarioetan, handia dela gazteen presentzia. Horren adibidetzat jo du lanbide heziketa dualetan edota aldi baterako lanetan hainbeste gaztek jardutea, aldi baterako lanek "egoera ekonomiko desegonkorra eragiten" dutela eta "baldintza prekarioetara ohitzeko diziplinamendua bultzatzen" dutela ohartarazita. "Gazteriaren zati handi batek ez du diru-sarrera egonkorrik, eta lan-indar merke izateko funtzioa betetzen dugu", gaineratu dute Urola Kostako GKSko kideek.

Horrek guztiak, gainera, zenbait ondorio ditu gazte langileengan, GKSren esanetan: "gazteon egiturazko pobrezia eta desegonkortasun ekonomikoa, oinarrizko bizi-baliabideak lortzeko zailtasunak, familiarekiko dependentzia eta bizimodua modu egonkorrean antolatzeko ezintasuna".

Jardunaldiak, bihartik hasita

Gazteon esplotazioa borrokatu! dinamikaren barruan, bi hitzaldi antolatu ditu GKSk eskualdean. Bihar izango da aurreneko saioa, Zarauzko (Gipuzkoa) Gaztetxe berrian. Hain zuzen ere, gazteek lan-esparruan jasaten duten esplotazioaz mintzatuko dira, hiru langileren eskutik: ostalaritzako, lanbide heziketa dualeko eta zaintza-arloko langile bana.

Martxoaren 2an, berriz, Zumaiako (Gipuzkoa) Torreberri Gaztetxean egingo dute hitzaldi bat. "Borroka ekonomikoen zentzu politikoaz" arituko dira saio horretan.

đŸŽ„ Hona hemen datozen asteetan eskualdean martxan jarriko dugun dinamika: Gazteon esplotazioa borrokatu! Bertan, gazte langileok bizi dugun egoera laboral ezegonkorraz arituko gara.

Adi datozen deialdiei! pic.twitter.com/jBB0w5VXRL

— Urola Kostako GKS (@GKS_UrolaKosta) February 7, 2023