AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Zamudioko (Bizkaia) GTS eta Matricerias Deusto enpresetako langileek greba mugagabera jotzea erabaki dute batzarrean. Bi fabrikak ixteko asmoa du Gestampek, irailaren amaieran jakinarazi zuenez. Zuzendaritzaren asmoa da, hain zuzen, hilaren 8an negoziazio mahaia osatzea eta 30 eguneko epean lantegiak ixteko baldintzak eta prozesua zehaztea.

Autogintzan aritzen da Gestamp, eta sektoreko "krisia" eta azken hiru urteetako emaitzak erabili ditu argudio gisa Zamudioko bi itxieren berri ematean. Europa osoko lantegietan kaleratuko ditu beharginak egoitza Abadiñon (Bizkaia) duen taldeak. Guztira 112 fabrika ditu, eta 43.000 langilek jarduten dute soldatapean.

"Enpresa horrek diru laguntza publikoak jasotzen ditu hainbat erakundetatik, eta Euskal Herrian sortutako aberastasuna baliatu du enplegu prekarioa sortzeko mundu zabalean", salatu dute sindikatuek. Enpresak azkenaldian "lan-karga Bartzelonara eta Alemaniara desbideratu" duela diote, eta telelanean aritu direla GTSko langileak.

Gestampek ekainean iragarri zuen hamazazpi milioi euroko inbertsioa Zornotzako (Bizkaia) instalazio baterako. "Izaera berritzailea" dela eta, zortzi milioi euroko diru laguntza emango dio Eusko Jaurlaritzak.