Atzo, apirilak 26, Ikasle Abertzaleakek sei exigentzia
plazaratu zituen hezkuntza ertainari eta lanbide heziketako zentroei
lotuta. Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu!
dinamikari jarraiki, hainbat eskualdetan ikastetxeetako zuzendaritzei
eskakizunak luzatu dizkiete egunotan. Orain, horiek guztiak nolabait biltzeko eta "ikuspegi orokorra" emateko aurkeztu dituzte sei eskakizun bateratuak.
IAko taldeek eta ikasle autodefentsa sareek, "hezkuntzaren gaineko langile kontrola" helburu ikasle langileen defentsa antolatzeari ekin diote tokian tokiko heziguneetan. Hainbat dinamika jarri dituzte martxan, hala nola, inkestak edota testigantza nahiz sinadura bilketak. Jasotako informazioari esker tokian tokiko aldarri zehatzak osatu ostean, bide horretan "pauso bat gehiago" emateko hautua egin du IAk bigarren hezkuntzarako, batxilergorako eta lanbide heziketarako aldarrikapenekin, dimentsio nazionala dutenak.
ALDARRIKAPENAK
1) Ikas-maila bakoitzeko ikasgai bakoitzean, datorren ikasturterako edo selektibitaterako ezinbestekoa den edukia soilik lantzea. Horretarako, gutxieneko gaitegia zehaztea eta ezartzea.
2) Ebaluazio irizpideak lausotzea eta gainditzeko erraztasun osoak ematea. Horrez gain, hirugarren ebaluazioa prestakuntza-ebaluazio jarraitu modura ezartzea. Hau da, lehen bi ebaluazioetan eskuratutako lorpenak ebaluatzea, eta horiei modu gehigarrian eta positiboan soilik gehitzea hirugarrenean erdietsitakoak.
3) Ikasleen opor eskubidea eta oporren berezko iraupena errespetatuak izatea. Horretarako, hori bermatuko duten beharrezko aldaketak egitea selektibitatearen eta datorren ikasturtearen hasieraren datetan.
4) Ikasgeletara itzultzeko aukera deuseztatzea.
5) Lanbide Heziketan, "LZP (Lan Zentroetako Prestakuntza) + erronka-proiektua", bertan behera geratzea. Praktikak egin ezin dituztenei praktikak konbalidatzea eta ikasturte honetan tituloa jasotzeko baldintzak eskaintzea. Bestalde, kurtso honetan praktikak egin gabe geratu diren ikasleei datorren ikasturtearen hasieran praktikak modu boluntarioan egiteko aukera uztea.
6) Ikasturtea amaitzeko planen garapenean ikasle antolakundeen ordezkaritza bermatzea.
BORROKA LOKALAK
IAk Twitter bidezko hari batean bildu ditu Ondorioak ez ditzala langile klaseak ordaindu! dinamikari erantzunez tokian toki ikasleek egindako exijentziak. Bertan azaltzen denez, honako udalerri eta eskualdeetan piztu dituzte ekimenak:
Bizkaia
Nafarroa
Gipuzkoa