AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

2021. urteko emaitzekin alderatuta, irabazi handiagoak izan zituzten iaz Santander eta BBVA bankuek. 2022an, 2007tik lortutako daturik onenak izan zituen Santanderrek: 9.605 milioi euroko etekina, 2021ean baino %18 handiagoa. 2007an, 9.060 milioi euroko etekina lortu zuen. Iaz, "akzio bakoitzeko etekina %23 igo zen eta akzioko esku-dirutan emandako dibidendua, berriz, %16", Ana Botin presidenteak azaldu duenez. 2023an, gainera, joera gorakorra mantenduko delakoan dago banketxea, espero baitu "inflazioaren jaitsiera lehenesten jarraitzea banku zentralek eta gobernuek"; alegia, interes tasak igotzen.

BBVAk, bestalde, inoizko emaitzarik onenak erdietsi zituen 2022an. 6.420 milioi euroko irabazia eduki zuen iaz, 2021ean baino %38 handiagoa. Banketxearen arabera, "diru-sarreren igoerak ekarri du emaitza on hori". "Hazkunde urtea izan da guretzat. Inoizko etekin handiena lortu dugu, kredituaren hedapena indartuta eta gure estrategian aurrerapauso garrantzitsuak emanda; digitalizazioa, berrikuntza eta jasangarritasuna, esaterako", esan du Carlos Torres Villa presidenteak.