AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Izan ere, eskubideen murrizketa antikomunistak ez dira Trumpen burutazio hutsa, eta badute oinarririk gaur egun indarrean den lege federalean. Argi eta garbi esateko, AEBetako immigrazioaren legeak debekatu egiten du Alderdi Komunista bateko kideak bertakotutako herritar edo bizileku-txartel baten titular bihurtzea: "Onartezina da Alderdi Komunista edo beste edozein alderdi totalitariotako kide zein afiliatu oro". Araua 1918koa da, Washingtongo gobernua "anarkismoaren eta komunismoaren mehatxuari" garrantzia handiagoa ematen hasi zenekoa.
Gaur-gaurkoz, legeak salbuespenak ezartzen ditu Alderdi Komunistetara ogibidea lortzeko edo 16 urte baino gutxiagorekin batu zirenentzat, eta ikasleei eta turistei ere ez zaie murrizketa ezartzen. Trumpek, baina, legearen interpretazio zorrotzagoa aplikatzea aurreikusten du Etxe Zurira itzultzen bada: Immigrazioaren Legearen 212 (f) Atala "komunista eta marxista guztiei" sarrera debekatzeko erabiltzea. Atal horrek autoritate zabala ematen du AEBetako herritarrak ez diren pertsonei herrialdean sartzea debekatzeko, sarrera "kaltegarria izan badaiteke Estatu Batuen interesentzat".
Sorgin ehiza
Hori ez da dena, Trumpek galdera erretoriko arriskutsu bat jaurti baitzuen bere hitzaldian: "Nire galdera da zer egingo dugun dagoeneko hemen hazi direnekin [komunistekin]". Arrasto bat eman zuen, zentzu horretan: "Uste dut lege berri bat onartu behar dugula horientzat".