Oinarrizko produktuen eta elikagaien bankuaren bigarren helburua, aldiz, "langileriaren auto-antolakuntza" sustatzea izango litzateke. "Langileriak orokorrean bizi duen gabezia egoerari aurre egiteko" beharra nabarmendu dute hala Kontseilu Sozialistako kideek, eta "oinarrizko beharrizanen gaineko langile kontrola" aldarrikatu dute. Hain zuzen, horren antolaketan urrats bat egitera dator sortu berri duten bankua.
EKARPENA
Biltegia martxan jarri duten kideek Gabonetan egin zituzten lehenengo bilketak, eta argitu dute ekarpena egiteko hainbat modu daudela gaur egun; esaterako, ekarpen ekonomikoa eginez, elikagaiak bideratuz edo bankuan txandak betez.
Momentuz, Lekeitioko Gamarra kalean kokatu dute oinarrizko produktuen eta elikagaien biltegia, eta bertaratzeko deia egin dute. "Langileriaren autodefentsarako tresna eraginkorra" izateko asmoz sortu dute bankua eta, horretarako, "guztion laguntza beharrezkoa" dela diote biltegian buru-belarri lanean ari diren kideek.