AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Laudioko Udalak bi urtez izan du itxita Laudioko Gaztetxea, baina joan den larunbatetik daude berriz irekita espazioko ateak, gaztetxeko kideen ekimenez. Zenbait hedabidek aste honetan esan dute udalak bide judizialera jo duela gunea husteko, eta atzo bildu ziren gaztetxeko eta udaleko ordezkariak.

Lamuza parkean dago Laudioko Gaztetxea, eta parkeko obren aitzakiapean zarratu zuen gunea udalak. Gaztetxeko kideek hasieratik egin zuten ohartarazpen bat: esan zuten ez zegoela bermatuta, obrak amaitzean ere, gaztetxea erabili ahal izango zutela. Eta atzokoan baieztatu zuten hori: udalak ez du inolako asmorik, Lamuza parkeko lanak bukatzean, espazioa berriz ere gaztetxeko kideen esku uzteko.

Horren aurrean, argi esan dute: "Gure hautua gaztetxea defendatzea eta jardun publikoa aurrera eramatea da". Gaztetxea erabiltzen jarraituko dute, beraz, eta exijentzia zehatz bat egin diote udalari, haiekin hitz egiten jarraitu nahi badu: gaztetxea husteko bide judiziala bertan behera uztea.