Erresuma Batuko Brexit-ak, ultraeskuinaren gorakadak, pandemiak edota Ukrainako gerrak, besteak beste, ezbaian jarri dute Europar Batasunaren (EB) zilegitasun nahiz egonkortasun politikoa. Auzi guztiotan informazioaren guda "funtsezkoa" izaten ari da, Europar Batasunak berak onartu duenez. Hain zuzen ere, "demokraziari barrutik eragin diezaiokeen zerbait" dela uste du Bruselak, "herritarrek demokraziarekiko duten axolagabekeria" areagotu eta Europar Batasunaren funtzionamenduan "ondorioak" izan ditzakeelako.
Europar Parlamentuak, horrenbestez, bere instituzioen inguruko informazio positiboa zabalduko duten kazetari eta egiaztatzaileak babestuko ditu, bere diskurtsoa zalantzan jar dezakeen edozein eduki baliogabetu eta informazioaren monopolioa bermatzeko.
Anaia handia
Legedia
Hainbat lege prestatzen aritu da Europar Batasuna, esparru digitalean esku-hartze politikoa egiteko. 2016an, adibidez, Europako Kontseiluak eta enpresa teknologiko nagusiek jokabide-kode bat adostu zuten "gorroto-diskurtsoei" edota "indarkeriaren bultzatzaileei" aurre egiteko. Datozen hilabeteetan, berriz, Zerbitzu Digitalen Legea (DSA) deituriko proiektu erraldoia onartuko du Europako Parlamentuak, "gezurrak geldiarazteko pizgarriak" emango dituena. Europako Kontseiluak erabakiko du plataforma digitalek "nahikoa egin duten ala ez".
Anonimotasunaren amaiera
Espainiako Estatuan
Norabide bereko lege proposamenak datoz Madrildik ere. Urtarrilean, adibidez, Segurtasun Nazionalerako Estrategian "desinformazio kanpainak kontuan hartzea" aurreikusten zuen Espainiako Estatuak. Hor ere "segurtasunaren aurkako mehatxutzat" jotzen zen erakundeenganako konfiantza txikitzea.