AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Gora egiten jarraitzen dute oinarrizko produktuen prezioek, eta joera iraunkor gisa sendotzen ari da. Espainiako Estatuko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundearen (OCU) neurketaren arabera, 2025ean, %2,5 garestitu da "erosketa-saskia" delakoa. 700 denda baino gehiagotako 241 elikagai aztertu ditu kalkuluak egiteko, eta ondorioztatu du hamar produktutik sei garestitu direla azken urtean.

Nagusiki, elikagai freskoen prezioak igo dira (+%6,7 batez beste). Frutek eta barazkiek %8,2ko igoera izan dute, haragiak %7koa eta arrainak %3,4koa.

Prezioen igoera 2021etik hona

"Inflazio espirala" deitzen dutena 2021ean hasi zen, eta ordutik hona, ikaragarri egin dute gora oinarrizko produktuen prezioek: %35eko igoera gainditu dute jada azken lau urteetan, hainbat ekonomialarik kalkulatu dutenez. M neurriko oilo-arrautzak, adibidez, %105 garestitu dira. Oliba-olioaren kostua %57 igo da denbora-tarte horretan; %29 esnedun txokolatearena eta %22 haragi-xerrarena.

Bestalde, OCUren esanetan, Espainiako Estatuko kate handien artean, Aldin izan dira prezio-igoerarik nabarmenenak (+%12). Hurbiletik jarraitzen diote Hipercor, Ahorramas, Supercor, Froiz, Gadis eta BM Urbanek, %9 inguruko gorakadekin.