AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Praktikaldia deritzona hasteko bi egun geratzen zirenean, ikastaroko koordinatzaileak hots egin zion emakume langileari, eta jakinarazi zion negozioko buruak ez zuela nahi hark praktikan Juguetton egiterik. Nagusiak esan zuen ez zuela Amador Jiménez abizenak dituzten pertsonak jasotzeko asmorik.
Emakumearen esanetan, "Lizarran mundu guztiak badaki Amador eta Jiménez abizenak ijitua izatearen sinonimoak direla" eta "Lizarran dozenaka pertsonak dituztela abizen horiek". Horren ostean, "lotsatuta" egon zela dio, bai eta "mespretxatuta sentitu" zela ere.
Azkenean, egoera salatzea erabaki eta protestara jo zuen: atzo, astelehena, elkarretaratzea izan zen Juguettosen aurrean, Gazkalo, SOS Arrazakeria Nafarroa eta LAB sindikatuak deituta. Hala, kasu zehatz horretaz haragi, ijito etniako pertsonek hainbat eta hainbat bizi-arlotan bizi duten bazterkeria ere salatu zuten.
Itaia eta GKSren babesa
Lizarraldeko Itaiak eta Gazte Koordinadora Sozialistak babesa adierazi diote emakumeari eta elkarretaratzera bertaratzeko deia luzatu zuten atzorako. Eskualdeko Itaiak "inolako gutxiespenik" eta "emakume langileon aurkako eraso bakar bat ere" ez duela onartuko adierazi zuen. "Langileen artean etengabeko lehia sustatzen dutenen aurrean", "langileon arteko elkartasuna hedatzeko" hautua kontrajarri zuten Itaiako kideek, eta "gaurdanik halako jarrerak seinalatzearen eta horiei aurre egitearen" garrantzia ere azpimarratu zuten.