2018-2019 ikasturtean sortu zuten Unibertsitateko Indar Batasuna (UIB), "unibertsitateetako langile sektoreen arazoak borrokatzeko tresna" bilakatzeko eta sektore horiek unibertsitate eremuan pairatzen dituzten "ezintasunen, mugen eta zapalkuntzen aurrean", "erantzun bateratua" antolatzeko asmoz. Ikasturte honetan ere lanari ekiteko prest dago UIB, eta bere jarduna azaltzeko aurkezpen saio batzuk egingo ditu datozen egunetan, Hego Euskal Herriko fakultate ugaritan.
Bihar izango da aurreneko aurkezpena, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) Eibarko (Gipuzkoa) campusean. Asteazkenean, irailaren 27an, hainbat eta hainbat fakultatetan egingo dituzte aurkezpen saioak: EHUren Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) Ingeniaritza, Arkitektura, HEFA, Informatika, Psikologia eta Zuzenbide fakultateetan; Gasteizko (Araba) campuseko Letra, Gizarte Langintza, Ekonomia eta Enpresa, Farmazia eta Hezkuntza fakultateetan; eta Leioako Zientzia eta Teknologia, Osasungintza eta Arte Ederren fakultateetan.